Santa Zezilia eguna ospatzen da urtero azaroaren 22an. Egun horren inguruan musikariak ohi baino lanpetuago ibiltzen dira, emanaldiak izaten baitituzte nonahi. Hain zuzen ere, Hernanin gaur izango da Santa Zeziliaren omenezko kont

Kronika - Erredakzioa 2007ko aza. 24a, 01:00

Azaroaren 22an Santa Zezilia eguna ospatzen dute musikariek. Garai honetan beti ekitaldiz gainezka ibiltzen dira bazter guztietako musikariak, lana eta afizioa uztartuz. Egun hauetan musika inoiz baino gehiago kaleratzen da. Horretarako, hainbat musika ekitaldi antolatzen dira; batzuk, Santa Zezilia egunean bertan, eta beste batzuk inguruan, gaurko kontzertua kasu. Gaur kontzertu handia egingo dute herriko hainbat taldek elkarlanean eta asteburua izanik, Sandiusterrira herritar mordoa biltzea espero dute.

Kantuz Abesbatza eta Txistulari Banda
Kontzertua Kantuz Abesbatzak eta Udal Txistulari Bandak antolatzen dute elkarlanean. Txistulariak ez dira Hernaniko Txistulari Bandakoak soilik, bertan dira baita ere, Hernani Musika Eskolakoak, eta Urnietako eta Astigarragako Musika Eskoletakoak.

Kolaboratzaileak
Kantuz Abesbatzaz eta Udal Txistulari bandaz gain, beste talde batzuk ere parte hartzen dute kolaboratzaile gisa kontzertu honetan. Bertan izango dira Hernaniko Udal Musika Bandako Metal Boskotea eta herriko Kriskitiña dantza taldea. Metal Boskotea 2 tronpreta, tronpa, tronboia eta tubak osatzen dute. Dantzariei dagokienez, Kriskitiña dantza taldeko bi kidek hartuko dute parte kontzertuan: Xabier Segurak eta Ekain Sardonek. Urtero dantzari bikote batek egiten du dantzan sueltoan. Orain arte, fandangoa eta arin-arina izan dira dantzatu diren pieza nagusiak; aurten, ordea, aldaketa izango da eta lehenengo aldiz Desafio, Agurra eta Alpargatak izeneko piezak dantzatuko dituzte, Aurreskuaren hiru atal, hain zuzen. Egitarau zabala Udal Txistulari Bandak emango dio hasiera kontzertuari, Urnieta eta Astigarragako Musika Eskoletako musikarien laguntzaz. Hernani eta inguruko txistulariek 4 pieza joko dituzte bakarrik. Patxi Apezetxearen gidaritzapean ariko dira eta El Cristo de Lezo eta Aurreskua piezak joko dituzte, besteak beste, Metal Boskoteak eta Kriskitiñako dantzari bikoteak lagunduta. Ondoren Kantuz Abesbatzak hartuko du erreleboa eta zazpi pieza eskainiko ditu. Zuzendaria Amaia Sasiain izango dute, koruko zuzendari ohia; hau izango da hain zuzen ere, bere azken kontzertua. Aipatzekoa da abestuko duten lehenengo kantua, Kantuz Gara, koruko kidea den J. Olaizolak konposatu duela eta berak zuzenduko duela. Ondoren kolaboratzaileekin batera hiru pieza jo, kantatu eta dantzatuko dituzte. Donostia pasodoblea Patxi Apezetxeak zuzenduko du eta Itsas gizoneri eta Nekazarien udazkena Amaia Sasiainek. Kontzertua bukatu ondoren, kalejiran aterako dira Sandiusterritik eta abestuz eta musika joz kale buelta egin ondoren, afaltzera joango dira denak elkarrekin. Honelako kuadrila elkartuz gero, afal ondorengo giroa ziurtatua dute.

Elkarlanean
Esan bezala, Kantuz Abesbatzak eta Udal Txistulari Bandak antolatzen dute kontzertu hau. Aurten 13garren urtea dute elkarrekin antolatzen dutena ekitaldi hau; 1995ean hasi ziren elkarlanean eta luze joko duen esperantza dute, orain arteko emaitzak kontuan izanda.

Musikazaleen hitzordua
Beraz, herriko eta inguruko abeslariak, txistulariak, Metal Boskotea eta dantzariak uztartzen dituen Santa Zezilia kontzertu bikaina entzun nahi dutenek aukera paregabea dute gaur, arratsaldeko 19:00etan, Sandiusterri aretoan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!