‘Haur kabareta’ bihar

Kronika - Erredakzioa 2007ko aza. 23a, 01:00

HAUR Kabareta antzerki ikuskizuna izango dute txikiek eta beraiekin hurbiltzen direnek bihar Biterin. Familia osoari zuzendutako ikuskizuna da, 5 urtetik gorako haurrentzat bereziki. Abesten, musika joz, dantzan eta zilipurdika ibiliko dira aktoreak; haurrek ere izango dute parte hartzeko aukera, izan ere, aktoreekin batera, mundu osoan famatua egin den Musika Pepinofonikoa sortuko dute. Musika eta antzerkiaren bidez bi neskatilen arteko adiskidetasuna, nagusi egitearen prozesua eta norbera den bezala onartzeari buruzko istorioa kontatzen da.

Antzezlan arrakastatsua

Agerre Teatroa eta Mi Cabeza que Habla konpainien eskutik dator antzezlana. Urtebete bada lan hau eskaintzen hasi zirela eta ez dute arrakasta makala izan; Euskal herriaz gain, Malagan eta Argentinan ere ibili dira. Musika Pepinofonikoa egiten ikasi nahi duenak Biterin du hitzordua, bihar, goizeko 11:00etan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!