Komunikabideekin Euskal Herria egiten izango da zuen hitzaldiaren izenburua. Panorama orokorra nolakoa da?
Euskal Herria aintzat hartzen duten hedabideen bidea ez dela samurra esan daiteke. Batetik, komunikazio talde ahaltsuen barruan hedabideak daude. Interes ekonomiko eta politikoen arabera osatu diren talde handiak dira eta beren enpresen arteko sinergiak lortzen dituzte. Aldi berean, talde handi hauekin lehiatzen diren euskal hedabideen egitura ekonomikoa askoz ahulagoa da talde horiena baino. Ikusentzunezko hedabidearen arloari begiratzen badiogu, Euskal Herriaren estatus politikoaren eragin kaltegarria ere ikus daiteke; izan ere, Euskal jendarteak ez du tresna legalik sektore hau garatzeko eta arautzeko, estatu espainolaren zein frantsesaren esku baitaude. Teknologia berriek eskaintzen dituzten aukerak ongi erabili behar dira, trena galdu gabe eta hedabideen sailkapen klasikoetatik haratago joan behar da. Hau da, hedabideek jendartearen informazio beharrak bete behar dituzte eta horretarako bide berriak jorratu behar dira ausardiaz.
Zu irratigintzan aritzen zara gaur egun Info 7 irratiaren gerentzian. Euskal Herriko irratigintzaren egoera nola ikusten duzu. Eta Info 7 irratiaren egoera eta aurrerako helburuak?
Hiru taldetan bana daiteke egungo egoera. Arestian aipatu ditugun komunikazio talde handien barruan kokatzen diren irratiak daude; beren interes ekonomikoak eta politikoak talde horien araberakoak dira eta Euskal Herriaren inguruan duten politika jakina da. Horiekin batera, talde publikoaren barruan beste irrati batzuk daude, EITBren taldean daudenak, esaterako. Hirugarren talde bat ere ikus daiteke, hots, irrati libreak edo tokiko irratiak. Azken talde hau osatzen dutenen lana oso inportantea da jendarteari bestelako informazioa emateko eta hurbileko errealitatea ezagutarazteko beste ikuspegi batetik, hedabide ´handiek` ezkutatzen dutena agerian utziz. Modu laburrean azalduta, egoera hau izanda, irrati nazionalaren beharra hor dago eta Info 7k, bere apaltasunetik, hutsune hori betetzeko asmoa du, urratsez urrats. Horretarako, bazkide gehiago lortu behar da eta, nola ez, programazioa osatu behar du.
Nazio eraikuntza eta herrigintza helburu hartuta, zer bestelako egoera amestu liteke epe motz nahiz luzera?
Epe ertainean lehen aipatu diren hiru arloetan urrats eraginkorrak eta sendoak ematea espero dut. Hau da, Euskal herriak tresnak izatea bere espazio komunikatibo propioa garatzeko eta sustatzeko; euskal hedabideen egitura ekonomikoa sendoagoa izatea; eta teknologi berrien aukerez ongi baliatzea, puntako produktuak eskaini ahal izateko.
Beste zerbait azpimarratu nahiko zenuke?
Proiektu komunikatiboak sendotzeko bidean jendartearen laguntza ezinbestekoa dela. Euskal herritarroi esker hedabide asko abian daude, oztopo guztien gainetik, eta jendarte honen ´osasunaren` seinalea da. Itxaropentsu izateko beste arrazoi bat.