Buruntzaldeko fruta dendetan euskera erabiltzeko egitasmoa martxan da

Kronika - Erredakzioa 2007ko aza. 21a, 01:00

Buruntzaldeko 60 fruta dendetan euskeraz jarriko dituzte produktuen izenak eta 15.000 foileto banatuko dituzte informazioarekin. Kanpaina bukaeran zozketa egingo da, abenduaren 18an.

buruntzaldeko fruta dendetan euskera erabiltzeko egitasmoa jarri dute martxan Buruntzaldeko euskara batzordeek, merkataritza munduan euskeraren presentzia indartzeko egiten ari diren lanaren barruan. Kanpaina Buruntzaldeko fruta denda guztiei eskaini zaie, eta ia denak onartu dute. Horren ondorioz, denda horietan euskeraz jarriko dituzte fruta eta barazkien izenak. 77 fruta eta barazki desberdinen izenak daramazkiten txartelak banatu dira denda horietan, bakoitza bere euskal izenarekin, eta guztira 60 bat dendatan ikusiko ditugu izenak euskeraz; baita azoketako zenbait postutan ere.

Zozketa abenduaren 18an
Bestalde, bezeroa ere kanpainan inplikatu asmoz, zozketa bat antolatu dute, jolas moduan. Abenduaren 18an egingo da zozketa, eta denda bakoitzeko 2 irabazleei 50 euroko bonoa emango diete sari bezala. Zozketan parte hartzeko, diptiko edo foileto batzuk dendetan jarri dituzte bezeroaren eskura. Bezeroak foileto horretan datorren letra zopa bete eta bere izen abizenekin dendan propio jarritako kutxa batean sartuko du. Abenduaren 18an zozketa egingo da herri bakoitzean eta denda bakoitzetik bi bezero aukeratuko dira. Helburu bikoitza Kanpaina honen helburuak dira, batetik herritarrak sentsibilizatzea euskeraz kontsumitu dezaten, eta paisaje linguistikoa euskerazkoa izatea, euskeraren presentziaz ohartzeko. Bestetik, dendariei begira, konpromiso txiki bat eskatu nahi zaie, bezero euskalduna euskeraz eskatzera gonbidatu dezaten.

Prentsaurrekoa atzo
Atzo prentsaurrekoa eman zuten Astigarragan, Buruntzaldeko udalen izenean Iñaki Arruti, Zorione Etxezarraga eta Marifer Gorostizak. Azaldu zutenez, merkataritza munduan urtero bi sektoretara bideratzen dute egitasmoa, eta dagoeneko eginak dituzte ile-apaindegi, jatetxe, arrandegi, estetika zentro eta abarretan; aurten fruta denda eta okindegien txanda da.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!