DATORREN igandean, azaroaren 25ean, Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna da eta horren bueltan Udalak eta herriko zenbait taldek genero indarkeria salatzeko egitaraua antolatu dute. Gaur izango da aurreneko zita, izan ere, kale hezitzaileekin batean, animatzen direnek mural bat pintatuko dute. Arratsaldeko 16:30etan, Txantxilla aparkalekuan.
Deklarazio instituzionala
Udalak, asteartean izan zen Bozeramaile Batzordean emakumeenganako indarkeriaren inguruko adierazpen instituzionala onartu zuen, EAE-ANV eta EBren aldeko botuarekin. EUDELek egindako beste adierazpen instituzional baten alde egin zuten PSE-EE, EAJ, EA, eta PPk. Batzordean onartutako testuak dio emakumeen kontrako indarkeria ezabatzeko emakumeek sufritzen duten zapalkutza amaitu behar dela bere osotasunean, ´alegia, emakumeok eskubidedun subjektu osotzat hartzea`. Dioenez, emakumeenganako indarkeria estrukturala da, hau da, ´genero indarkeriaren atzean sendoki erroturiko indarkeria orokorra dago`. Hori baieztatzeko bi erreferentzia egiten ditu testuak, batetik dio, gizon eta emakumeen arteko harramenak ez direla parekidetasun klabean ematen, ´botere harreman hierarkikoak dira`; eta bestetik aipatzen du, jendarte eta elkarbizitza eremu guztiak sexu estereotipoen arabera daudela finkatuta, ´emakumeon baztertzea, gutxiestea eta sotilki ez ezik, askotan, bortizki erasotzea, hiltzeraino ere ondorioztatzen du`. Azaroaren 25a guzti hau salatzeko eguna dela dio testuak eta herri guztietan exijitzeko: Emakumeenganako erasorik ez erantzunik gabe. Konpromisoak hartzeko garaia ere badela aipatzen du eta dioenez, ´Euskal Herria zatitzen duten marko politikoek ez dute estrategia eraginkorrik garatu` zentzu honetan, plan integral bat proposatu du, maila ideologikoa (harreman eredu berriak sortu), maila sozio-ekonomikoa (sexuen arteko lan banaketa indargabetu eta berdintasunean oinarritutako parte hartzea bultzatu) eta maila politikoa kontuan hartzen dituena (gizartearen antolaketa eta kudeaketan guztien parte hartzea bultzatuta eta erabakiak parekidetasunean hartuta). Ikuspegi integral honetatik abiatuta plan integral hori hiru jarduera ardatzetan kokatuko litzatekeela azaldu du testuak: 1) prebentzioa eta sentsibilizazioa 2) erasoen ondorengo neurriak eta 3) ebaluaketa eta jarraipena. Bukatzeko dio ´Plan integralak Euskal Herriko emakume guztien bizi egoera hobetzeko, eskubideaz jabetzen joateko eta gizon eta emakumeen arteko parekidetasunean aurrera egiteko tresna baliogarria izango` dela.
EUDELek proposatutako testua
EUDELetik proposatzen zen testua, eta batzordean aurrera atera ez zenak, emakumeenganako indarkeria salatzen du eta dio indarkeria neska eta mutilak gizarteratzeko modu ezberdinetan duela jatorria. Aurten bereziki arreta jarri nahi izan dute neska nerabeen kontrako biolentzia harremanetan, ´sektore hori askotan ahazten delako`. Horri aurre egiteko klabetzat jotzen du berdintasunezko hezkuntza. Testuak konpromisoak hartzearen alde egiten du, ´Udalak bere eskumeneko esparruan eta indarreko legeria aplikatuz, berdintasunaren aldeko eta indarkeriaren kontrako Udal politika aktibo eta koordinatua garatzeko`.
Egitaraua:
Azaroak 23 Mural pintaketa. Gazteak emakumeenganako indarkeriaren aurka. Txantxilla aparkalekuan, 16:30etan.
Azaroak 25 Kontzentrazioa. Berdintasun Kontseiluak, Herne Neska Taldeak eta Hernaniko Gizon Taldeak deitua. 13:00etan, Plaza Berrin. Afrika Bibang-en kontzertua. 19:30etan, Atsegindegin.
Azaroak 28 Tratu onen inguruko tailerrak, Langile ikastolan. 08:30etan DBH 4garren mailakoekin eta 11:00etan DBHko 3garren mailakoekin. Genero indarkeriaren prebentzioari buruzko hitzaldia irakasleentzat, 14:30etan. Hitzaldia. ‘Estrategias para hacer frente a la violencia de género’, Belén Gonzalezen eskutik. 20:00etan, Biterin.