Izan Gizon taldea edozein adin, modu eta pentsakerako gizonezkoz dago osatua. Orain pare bat urte sortu zen Udaleko Berdintasun Sailak bultzatuta. Hamabi lagun hasi ziren eta sei-zazpi biltzen dira gaur egun, horien artean Angel Unzueta bera. Asteartero biltzen dira.
Zer da taldean egiten duzuena?
Taldearen helburuak dira emakumeari laguntzea berdintasunaren bidean, eta batik bat gizonari dagokiona: eskubide eta aukera desberdintasunean edo emakumeak jasaten duen indarkerian gizonezkoak errudun gara kolektibo moduan, baina gutako bakoitzak ez du hori horrela sentitzen. Ume umetatik sartzen diguten kontua da, heziketazkoa, ez da jaiotzatik ekartzen. Eta guk esaten dugu: ´guk ez dugu horretan parte izan nahi`. Aspektu teorikoan aztertzen ditugu sexismoa, feminismoa, transexualitatea, heterosexualitatea, homosexualitatea... Hala ere ez gara eztabaida bukaezinetan sartzen: gai bat jarri eta gutako batek aurkezten du eta bakoitzak iritzia ematen du horren gainean. Horrez gain, talde txikitan elkartzen gara eta batek nahi duenari buruz hitz egiten du; hor gauza asko ateratzen dira. Aspektu praktikoan, berriz, uste dugu mundu honetan jolas eta barre gutxi egiten dela eta gauzak egiten ditugu barrea eragiteko: txisteak kontatu, jolas egin... Eta baita elkar ukitzeko ere, gaur egun ez baitugu elkar ukitzen bikotean beste. Emakumeek gehixeago, baina gizonezkoek ez.
Zer da ikasi duzuna?
Teoria guztiaz gain, hor gauden gizonen arteko harremana da interesgarria.
Zainketei dagokienean, zein da zure esperientzia?
Gizonak oso gutxi aurreratu duen arloa da hau, zainketarena. Eta hori bultzatzeko egin du Berdintasun Taldeak argazki lehiaketa. Orokorrean, etxeko lanei dagokienean, jarri litezke norma batzuk, baina kunplitzerakoan, emakumeei gutxiago kostatzen zaie, heziagoak izan direlako, eta gizonezkoei gehiago.
Eta nola uztartu kanpoko lana eta etxeko lanak?
Orain jubilatua nago eta etxeko lanik gehienak nik egiten ditut, bikotekidea lanean ari baita. Baina lan egiten nuenean, jubilatu aurreko bost urteetan behintzat, lan askorekin ibili ginen eta ez nuen etxeko lanik apenas egiten. Hala ere, gauza bat gertatzen da, nahiz eta hitzartu bakoitzak zer egin behar duen, askotan bestearen lanak egiten hasten gara. Aukera aprobetxatuta emakumeei esango nieke ez dezatela hitzartutako kontratua eten bikoteari kariñoa diotelako edo ez molestatu edo haserretzeagatik, eta azkenean besteak egin behar zituen gauzak egin.
Gizonezkoak etxeko lanak egitearen edo pertsonen zainketan parte hartzearen alderdi positiboena zein da?
Etxeko lanei dagokienean, emakumea zapaltzen duten kateak hausten ditu gizonak etxeko lanak egiteak. Horrekin ez da sexismoa ezabatzen, ezta gutxiago ere, baina hondar ale bat jarri bai eta gizonaren boterea pixka bat gutxitu liteke. Eta poza ematen du egiteak, norbaiten alde ari zarelako, harremana ere hobetzen duelako. Horrez gain, zabaldu ere egiten da halakok etxeko lanak egiten dituela eta hori aitortzeko beldurra ere desagertzen joaten da. Zainketaren gaia zailagoa da oraindik, gizonek oraindik gutxiago egiten baitituzte etxeko lanak baino. Niri pertsonalki tokatu zait arreba bat zaintzea eta nik positiboan atera dut: okerren konpontzen nintzen arrebarekin beste harreman bat izatera iristea. Eta niretzat izugarria izan da arrebari zer on egiten ari naizen konsziente izatea.
Beste konturen bat azpimarratu nahi duzu?
Bai gizonezkoak animatu nahi nituzke taldera etortzera, suspertu egiten baitzara eta ingurukoekin harremanak hobetzen baitira, berdintasunean eragiteaz gain. Ezer galdu ez eta asko irabazten da sakonduta. Niri asko balio izan dit. Asteartero biltzen gara 19:00etan, Biterin eta Laubidietan, txandaka. Gaur asteartea Laubidietan. Informazio gehiagorako deitu: 628-775954 (Ibon).