Mendi ibilaldiarekin bukatuko dute gaur Mendizale Astea

Kronika - Erredakzioa 2007ko aza. 18a, 01:00

Mendizale Astea gaur bukatuko da, mendi ibilaldiarekin. Santa Eufemia-Leketio ibilaldia egingo dute gaur, Otoio mendira (397 metro) igo, Bolua eta Oletan barrena ibilita. Elkarteko bazkide eguna dute gaur, eta horrela bukatuko dute jende izugarri bildu duen astea.

Lau diapositiba emanaldi
Diapositiba emanaldi asko izan dira aste honetan, denen gustoa egiteko modukoak, gainera. Astelehenean Josune Bereziartuk eskalada mundura gerturatu zituen Biterira inguratu zirenak, eskaladaren zailtasunik haundienak nola gainditu litezkeen azaldu zuen Bereziartuk. Eskaladari buruzko irudiak izan ziren Mikel Saez de Urabainek eskaini zituenak ere, asteazkenean, baina kasu honetan leku jakin batean espezializatuak; Mont Blanc-eko mendi an egindako modalitate guztietako igoerak azaldu zituen Saez de Urabainek (izotza, haitza, elurra). Bestelakoa izan zen Patxi Sanchez-Dehesaren diapositiba emanaldia. Gehienbat argazkiari eta paisajeei erreparatutako lana da Sanchez-Dehesarena, eta ingurune berezi bat aukeratu eta haren xarma oso modu dotorean azaltzen du irudi bidez. Ostegunean, bestalde, bi bidaia izan ziren ikusgai Biterin, biak bizikletaz egindakoak; Opor lasai batzuk txirringaz eta Argentina eta Txile txirringaz emanaldiak izan ziren, hiru hernaniarren eskutik.

Argazki ikastaroa eta lehiaketa
Ekitaldi gehiago ere izan dira aurtengo Mendizale Astean. Umeen egunean dominak banatu zitzaizkien haur eta gazteei, aurtengo mendi ibilaldietan parte hartu dutelako. Baina argazkiak izaten du aste honetan garrantzi berezia eta aurten ere izan dira argazki digital ikastaroa eta txapelketa. Ikastaroa Marisol Yabenek eman du, hiru egunetan; irakaslearen esanetan ´interes haundiarekin jarraitu dute ikasleek ikastaroa`. Azken egunean irteera egin zuten ikasitakoa praktikan jartzeko. Bestalde, aurtengo argazki lehiaketako irabazleak honakoak izan dira: Mendi eta paisaia arloan, Marimi Azkue; Hernani gai bezala hartutako argazki onena, Ibon Zabala; argazki bilduma hoberena, Pedro Vilches; eta argazki herrikoiena (publikoak botatutakoa), Arantza del Nozalena izan zen.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!