Ereñotzu pasa eta kilometro eskasera dago Latxe, Usoko erreka hiltzen den tokian, Oindi eta Akolaren magalean. Ozpin fabrika zaharraren irudia urrutitik ikusten da, mendi artean itota; nola fabrikaren tximinia, horrela estutzen da bailara paraje horretan. Mamu baten itxura dauka eraikinak, espektro batena. Baina ez da gezurrezkoa, egur-harrizkoa baizik. Herritar ugarik dute fabrikaren berri: ozpina egiten zela diote batzuek, egurra erabiltzen zela besteek... ´Aspaldi itxi zen` diote denek.
Industria kimikoaren mugarri
Ozpin fabrikaren izen ofiziala honakoa da: Hijos de Jaime Puig. Destilería de Leñas y Fábrica de productos químicos. Lantegia 1890 urte inguruan zabaldu zuen Puig familiak, bigarren industri iraultzaren bultzadaz enpresa kimikoek indarra hartu zutenean. Puig klanak tradizio handia izan du beti industria kimikoaren arloan, Katalunian, esaterako, perfumeen enpresa garrantzitsu bat sortu zuten eta Europako merkatuan punta-puntan jarraitzen du oraindik, Agua Brava bezalako sinadurei esker. Hernaniko lantegiak ez zuen perfumerik sortzen ordea, kontserbatarako ozpina baizik, baina Urumeako industria kimikoa sendotzeko bidean mugarri izan zen, Hernaniko Lekunberri y Cía enpresarekin batera (1888ko Bartzelonako Erakusketa Unibertsal ospetsuan parte hartu zuen azkeneko honek). Egin kontu: 1972an 6 enpresa kimiko zeuden bertan eta 242 lagunek egiten zuten lan horietan. Dena den, Latxeko fabrika izan zen 70 hamarkadako krisiarekin hondoa jo zuen lehen enpresetako bat, 1975ean itxi zituen ateak betirako; antza, jabeak Bilbora joan ziren. Gaur egun industria kimikoak sendo jarraitzen du bailaran, PVCa eta kloroa produzitzen duten Epeleko enpresen eskutik (duela gutxi jarri du Jaurlaritzak larrialdi sistema bertan).
Egur-ozpina eta kimika organikoa
Hijos de Jaime Puig-en egurraren destilazioaren bidez lortzen zuten ozpina edo ´piro-egurrezko azidoa`. Egurra lehorrean destilatu behar da, airerik gabe eta pixkanaka-pixkanaka. Horretarako labe berezi batzuk erabiltzen zituzten. Nicolas Bustinduy ingeniari adituak idatzi zuenaren arabera, Latxeko fabrikan 6 labe zituzten, egunean 24 orduz martxan zeudenak, egur-ikatz eta gas bidez. Urtean 4.500 edo 5.000 tona egur destilatzeko prestaturik zegoen Urumeako ozpindegia. Egurra destilatzean hainbat produktu ateratzen ziren: ikatza alde batetik, eta zukua bestetik. Egurraren %25 ikatza bihurtzen zen, beste %25 brea egiteko gasa, eta gainerakoa zukua. Azkeneko zati honetan daude ozpina egiteko propietateak, azido acético-a horien artean (latinezko acetum-etik dator, eta ´ozpina ´ esan nahi du). Ozpina ezin egokiagoa da jakiak kontserbatzeko eta batez ere Galizara esportatzen zuten, bertako arrain industria indartsua hornitzeko. Garairik oparoenetan 30-40 lagunek egin zuten lan Puig-ren lantegian, baina azkeneko urtetan 16-24 langile artean besterik ezin zituen izan, gainbeheraren sintoma, dudarik gabe.
Mamu zaharraren eskeletoan barrena
Fabrikaren muina hiru pabilioi edo nabek osatzen zuten, gaur egun oraindik zutik diraute, baina oso egoera kaxkarrean. Lehenengo nabeak teilaturik ez du eta landaretzak ezkutatzen du erabat. Bertan zeuden destilaziorako labeak, eta tenperatura oso altuak izaten ziren barruan. Gaur egun ez da zipitzik geratzen, habe eroriak eta labeen aztarna gutxi batzuk, besterik ez. Bigarren nabea, denetan haundiena, osoago dago. Eraikin horretan lantegiaren aztarna preziatuenak gordetzen ziren orain gutxi arte: baporezko makinak. Baina duela urte batzuk lapurtu egin zituzten horietako batzuk. Destilaziotik ateratako zukua tratatzeko erabiltzen ziren makinak, alkohola eta azidoa kondentsazio bidez banatzeko. Makina horietako batek erraldoia dirudi, zortzi metro luze ditu eta tubo eta bestelako giltza eta palankaz armaturik dago. Hori gutxi balitz, adreilu geruza batek babesten du. Baina adreilua zartaturik dago, duela urte mordoa izandako leherketaren zauriak dira. Istripuaren ondorioz baporezko kolosoak funtzionatzeari utzi zion eta bere ordez makina txiki baina abilago bat ekarri behar izan zuten. Bestalde, azidoa garbitzeko ura kanal baten bidez ekartzen zuten menditik, Akolako maldatan zegoen deposito batetik. Azkeneko nabea txikiagoa da, bertan ematen zitzaion akabera produktuari, nahasketak egiten ziren eta ozpina kupeletan edo garrafatan gordetzen zen. Hain zuzen, pabilioi barruan beste pitxi bat aurki daiteke oraindik: garai bateko kupel eta beirazko garrafak, bata bestearen gainean abandonatuak, hautsaren eta denboraren konpainia bakartian.
Gizarte industrialaren hierarkia
Latxen Fabrika barrukoa bezain harrigarria da kanpokoa. Latxe auzoak, oso-osorik hartuta, XXgarren mende hasierako gizarte industrialaren egitura sintomatikoa du bete-betean. Fabrikak jaten du auzoaren zati handiena, pabiloi, biltegi, sarrera-irteerak kontrolatzeko txabola... Baina horretaz gain, garai bateko langileen etxeak ikus daitezke errepide ondoan, estu bezain ugari. Obreroek euren lantokia ikusten zuten etxeko leiho parean, egunero nora joan behar zuten ez ahazteko-edo. Pixka bat urrunago, lorategiz inguraturik, Puig familiak etxe dotore bat jaso zuen bertan bizitzeko. Oraindik bere jabe izandakoen izena eta eraiki zen urtea leitu daitezke etxearen atarian: Puig 1919. Latxe. Gaur egun, mende bateko bizitza industrialaz apenas geratzen da ezer. Adreiluari gorria joan zaio, hormetako kare zuria belztu egin da, eta fabrika zaharra makillajerik gabe geratu da Latxeko zoko ospelean.
Txirritak hilezkortu zuen hargin andaluzarena
Bertsolariaren irudi batek gogoratzen du Txirrita zena bertan jaio zela, Latxe baserrian. Ozpin lantegia baserriaren lurretan egin zuten eta bertsolariaren familiak bertatik alde egin behar izan zuen.
Txirritaren bizitza aldrebesak pasadizo polita erregalatu digu lantegiaren inguruan. Badirudi fabrika egiten ari ziren harginetako bat Andaluziatik etorritakoa zela. Hargin honek pareta bat egin zuen, baina antza, hurrengo egunean okerra ikusi zuen eta bultzaka hasi zitzaion. Latxeko bertsolariak ez zuen aukerarik galdu, eta hauxe bota zuen:
Haiziak ekarri du
handikan honuntza,
geroztik hemen dabil
gure andaluza;
hargiñ ona zala ta
zakurraren putza,
bera eroriko dek
ez hakiok bultza!