HERNANIKO pelota elkartea momentu ona bizitzen ari da azken urteetan. Federatutako 60tik gora pelotari ditu eta beste asko ere badira ofizioa edo afizioa ikasten ari direnak, etorkizuneko pelotariak, hain zuzen ere. Sei arduradun ditu pelota elkarteak eta denak ari dira lanean aurtengo helburuak ahal den txukunen betetzeko eta, aurrera begira pelota elkarteak indartsu segi dezan.
Gipuzkoakoa eta Emakumea Pelotari txapelketak
Bi txapelketa jokatzen ari dira orain Hernaniko pelotariak: Gipuzkoako txapelketa eta Emakumea Pelotari; bietan esperotako mailan ari dira. Eskuz eta erremintan 45 mutil ari dira, bost adinetan banatuta: infantil, kadete, jubenil, 22 urtez azpikoak, eta nagusiak. Adin bakoitzean 3 maila daude, eta bikote bakoitzak aurreko urteen arabera maila batean edo bestean jokatzen du, eta igotzeko aukera ere izaten da finalera iritsiz gero. Emakumea Pelotari txapelketan 15 ari dira, lau adinetan banatuta, eta paleta goman jokatzen dute: kadeteak, jubenilak, 22 urtez azpikoak eta nagusiak. Txapelketa honetan bi mailatan ari dira.
Emaitza onak oraingoz
Txapelketa guztietan ere emaitza onak lortzen ari dira Hernaniko pelotariak eta txapelketan bukatzerako lorpen onak izateko esperantzarekin dira. Gipuzkoako txapelketan txapel batzuk irabazteko esperantza badute, bai jubeniletan eta bai nagusietan. Nagusietan hirugarren mailatik bigarrenera bikote bat igoko dela uste dute, eta beste bikote bat bigarren mailatik lehenengora. Emakumea Pelotari txapelketan Goiatz Manzisidor lehendabiziko mailan ari da eta finalera sartzeko aukera haundiak dauzka, bikotea eta biak zein mailatan ari diren kontuan izanez gero.
Herri Artekorako esperantza
Aurtengo Gipuzkoako Herri Artekoan hernaniarrak punta-puntan ibiliko direla uste dute arduradunek, zorteak ere zer ikusi haundia izan arren. Hiru adinetan bikote oso onak dituzte; nagusietan bikote bat bereizten izango dituzte lanak entrenatzaileek. Bestalde, Paul Ojuelek Sopelako lauterdiko Eliteko Txapelketa jokatuko du, joan den urtean egindako lan onaregatik aukeratu egin baitute, beste 7rekin batera.
Arduradunen lana
Hernaniko pelota elkarteak 6 lagun ditu lanean, gazteak entrenatzen edo koordinazioan: Rufino Rekalde, Garbiñe Tijero, Migel Ezpeleta, Mikel Salaberria, Felixiano Zabala, eta Unai Alvarez.