Askatasuna erakundeak Hernaniko preso politikoen berri ematen du hamabostean behin, atal honetan. Gaurkoan herriko iheslarien inguruko idatzi bat plazaratu nahi izan du.
Iheslariak
Askatasunak azaldu du ´Euskal Herriak bi estatuekin duen gatazka politikoaren ondorioz, ehunka senide eta lagun ihesean` direla, egoera ezberdinetan. ´Asko, ez dakigu non eta nola bizi diren ere. Egoera honetaz baliatuz, trikimailu ankerrak erabiltzen dituzte bi estatuek, polizia interesen alde eta samina haunditzeko asmoz, iheslarien heriotzen ondorengo izen dantzak kasu` aipatu du Askatasunak. Iheslariak mundu guztian barrena daudela azaldu du erakundeak: ´bizi baldintza gordinenetan bizi dira, gehienak inongo dokumentu legalik gabe, izen-abizen, nazionalitate eta herritartasunik gabe, balore oso ezberdinetako herri eta kulturetan, edozein unetan atxilotuak eta espainiar estatura estraditatuak izateko arriskupean`. Ipar Euskal Herrian diren iheslarien berri ere eman du, ´hauen egoera ez da xamurragoa, 80ko hamarkadan euskaldunak deportatu zituen estatuak, egun, euro-agindua baitabilki, besteak beste, iheslari politikoen aurka`.
Iheslarien eskubideak
Iheslarien senide eta lagunei buruz dio maitasuna eta elkartasuna adierazteko, milaka traba izaten dituztela. Traba horien artean aipatu ditu: ´tokian-tokiko errealitatean murgildu behar izatea, bidaiek sortarazten dituzten arrisku eta gastu ekonomikoei aurre egin behar izatea, estatuen errepresioari gaineratu behar diogu`. Horrez gain, azaldu duenez, ´iheslari politikoak ekonomikoki laguntzeagatik senide eta lagunak atxilotuak eta espetxeratuak izaten dira, eta beraien kontuak blokeatuak`. Bukatzeko, Askatasunak aldarrikatu du iheslari politikoei dagozkien eskubide guztiak bermatu behar zaizkiela eta ´Euskal Herrian libre bizitzen utzi, beraien aurka indarrean dagoen errepresioa alboratuta`.