Finalerako leku bila gaur Eskoriatzan

Kronika - Erredakzioa 2007ko aza. 17a, 01:00

gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finalerdietako lehenengo saioa jokatuko da gaur Eskoriatzan, eta bertan sei bertsolarik kantatuko dute: Hernaniko bertso eskolako Unai Agirre, Jexux Mari Irazu eta Beñat Gaztelumendik eta Jon Martin, Uxue Alberdi eta Ainhoa Agirreazaldegik. Gaurko saioa irabazten duenak finalean kantatuko du, abenduaren 16an, Donostiako Illunben; gaur irabazterik lortzen ez dutenek ere aukera izango dute finalean kantatzeko, baina finalerdietako beste saioak kontuan hartuta, 5 puntuaziorik onenak pasako dira. Guztira 18 bertsolari daude finalerdietan, hiru saiotan banatuta. Gaur jokatuko da lehendabizikoa, datorren larunbatean Oiartzunen bigarrena, eta abenduaren 1ean Ordizian hirugarrena. Hernaniko bertso eskolako bost bertsolari pasa dira finalerdietara: gaur Agirrek, Irazuk eta Gaztelumendik kantatuko dute, eta Zelaiak eta Mendiluzek abenduaren 1ean, Ordizian. Aurtengo Gipuzkoako Txapelketan maila izugarria ari dira erakusten bertsolari guztiak, eta hernaniarrek ere erakutsi dute ez daudela atzera gelditzeko. Gaur saio ona entzun nahi duenak Eskoriatzan izango du aukera, 18:00etan.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!