14. Alboka Festa bihar Hernanin

Kronika - Erredakzioa 2007ko aza. 17a, 01:00

Alboka eta albokarien egoera aztertuko da asteburu honetan musika tresna honen inguruan egingo diren jardunaldi eta topaketetan. Oiartzungo Herri Musika Txokoak antolatutako 6. Herri Musika Jardunaldiekin uztartuko da jaia. Larunbatean, Oiartzunen, alderdi teorikoa landuko da, batik bat, bertan egingo den mintegian.

Teoria eta praktika
Igandean, berriz, hernaniarren txanda izango da. Bertan, alderdi teoriko eta praktikoa lotuko dira. Batetik, goiz partean, honako tailerrak izango dira: Fede de Dios-ek arnasketa zirkularrari buruzko ikastaroa emango du; Andrea Pisu-k launedas musika tresnari buruzko ikastaroa emango du: tresnaren egitura, afinazioa, konposizioa eta dantzetarako bat-batekotasuna; azkenik, A. Griffin eta J.A. M. Osses-ek ‘Alboka proiektu bat RE Maiorrean’ izeneko saioa emango dute. Tailer hauek guztiak goizeko 10:00etan izango dira, Hernani Musika Eskolan. Ondoren, kalera joko dute, bazterrak alaitzera.

Arratsaldean erromeria
Arratsaldean, berriz, erromeria izango da Ezkiaga pasealekuan, albokarien doinuek lagunduta dantza egin nahi duen guztiarentzat.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!