PSE-EEk prentsara bidalitako ohar baten bidez, Giza Eskubideen batzordearen osaketari buruzko bere iritzia plazaratu du. PSE-EEri ez zaio etikoa iruditzen Alkatea Giza Eskubideen batzordeko buru izatea, bere iritziz, ´batzorde honekiko interesik ez duela erakutsi baitu`.
Prozesu luzea
PSE-EEk azaldu du legealdiko bost hilabete pasa diren honetan Giza Eskubide batzordea sortu dela: ´Dena uztailaren 12ko plenoan hasi zen, EAE-ANV Presoen batzordea osatu ordez, Giza eskubideen batzordea osatzeko proposamenaren kontra agertu zenean`. PSE-EEk dio oposiziotik azaldu zela ´presoen gaiarekin batean badaudela beste arazo batzuk eta denak bilduko dituen batzorde bat osatu beharko litzatekeela`. Alkatearen orduko erantzunari buruz dio: ´Alkateak, jazarpena eta heriotza mehatsua bezalako arazo hauek bizilagunen arteko elkarbizitzak sortutako arazo bezala tratatu beharko liratekeela erantzun zuen`.
Irailaren 17ko plenoa
Irailaren 17ko plenoan, Giza Eskubideen batzordea osatzea onartu zela azaldu du alderdiak, oposizioko alderdien aldeko botoarekin eta EAEren abstentzioarekin. PSE-EEk egun horretan EAEk emandako erantzuna azaldu du: ´bere azalpena izan zen, preso politiko nahiz sozialek, batzorde berezia behar dutela; kontuan hartu beharreko beste errealitate asko badaudela, ez dituztela ukatuko, baina kontuan izanda Hernani 2020 batzordeak elkarbizitza bezalako gaiak barne hartzen dituela, beste errealitate hauek bertan lekua izango dutela`.
Giza eskubideen batzordea osatu zen azaroaren 6an
Azaroaren 6an Giza Eskubideen batzordea osatu zen eta PSE-EEk azaldu du Alkateak batzordeburu izatea erabaki zuela. PSE-EEk dio, nahiz eta erabaki legala izan, ez zaiola etikoa iruditzen: ´uste dugu Alkatea ez dela batzorde honen buru izateko pertsonarik egokiena. Bost hilabetetan zehar erakutsi duelako ez zaiola batzorde hau sortzea batere interesatzen; uste duelako batzorde honetan tratatu beharreko gaiek ez dutela batzorde berezi bat merezi; ez dituelako kondenatu azken atentatua, ezta herrian izandako kale borroka gertakariak`. PSE-EEek dioenez, ´prozesua nolako izan den kontuan hartuta, susmoa dugu, interesatzen zaion bakarra, batzordea kontrolatzea dela, batzordearen lana eraginkorra izan ez dadin; edo epai batek Presoen batzordea erabat legala ez dela erabakiko balu, presoen gaiak Giza Eskubideen batzordera eramateko, batzordea erabat desitxuratuz, eta presoen gaietarako bakarrik utziz`.