Musikaren munduan 20 urte aritu eta gero, hau duzu bakarkako aurreneko diskoa. Nondik etorri da idea?
Azken urteetan talde eta propiektu askotan ibili naiz, eta noizean behin sentitzen da gogoa etenaldi bat egiteko. Orain dela bi urte, Alboka taldearekin etenaldia egin genuen, 4garren diskoa eta gero. Etenaldi honetan tokatu zait, aspaldi egin ez ditudan gauzak berreskuratzea. Horietako bat izan da, akordeoia bakarka lantzea. Enkargu pare bat ere izan ditut garai honetan, horietako bat izan zen, Xabier Letek eskatuta, Lourdes Iriondoren omenaldia zela eta, emanaldi bat egitea Urnietan. Hortik abiatuta diskoa grabatzeko idea etorri zen.
Ez al duzu urte guzti hauetan bakarka zerbait egiteko gogorik izan, orain arte?
Bai, egia da, orain ekin diot bakarkako gauzak egiteari. Hau da nere 13garren diskoa eta egia da, orain arte bakarrik, behin ere ez dudala ezer egin. Erronka bat da, nere buruarekin zor bat neukan, zentzu horretan. Orain dela 20 urte ekin nion musika profesionalaren bideari, Ganbara taldearekin. Baina, ordurarte musika klasikoa egin eta lehiaketetan parte hartzen nuen, bakarka aritzen nintzen. Momentu hartan bide hori itxi nuen eta berriro ere bide horrekin topo egin det. Bestalde, momentu bat iristen da proiektuak hazi eta hazi egiten direla, eta ezin dutena gehiago hazi. Gero urtero badirudi bira bat egin behar duzula. Baina momentu bat iristen da esentzia non dagoen galdu egiten duzuna, eta bueltatzeko beharra sentitzen duzuna.
‘Innervisions’ da diskoaren izenburua, zer dela eta jarri diozu izen hori?
Ez da snob izateagatik, ingelesezko terminoak erabiltzeagatik diot. Innervisions hitza bera ez da ingelesez existitzen hiztegian, baina disko bat bai egon zen, Stevie Wonder-ena, izen horrekin. Hala ere, ulertzen da zer esan nahi den, Joxerra Gartziak egin ditu disko honetako itzulpenak eta barne ikuspenak bezala itzuli du. Etenaldi horretan suertatu zait erreflexio bat egitea eta urte guzti hauetan landutako zenbait musikari berriro ere heltzea. Hori dela eta, segun eta nondik begiratzen den diskoa, ez diozu koherentziarik hartzen musikari. Esan daiteke zauri bat egitean odola ateratzen dan bezala, atera dela disko hau, borborka. Xabier Letek testu bat egin du diskoari sarrera emateko, eta hor oso ondo esplikatzen du, subkontzientetik askotan gauzak nahi gabe ateratzen direla eta jakin gabe zergatik ateratzen diren. Musika horiek horrela atera dira, musika klasikotik hainbat pintzelada, eta musika herrikoietik beste pintzelada batzuk. Xabier berak asko animatu nau lan hau ateratzera, bakarkako bide hori lantzera animatu nau, diskoa grabatzera, eta bakarkako emanaldiak egitera.
Akordeoia al da diskoko elementu bakarra?
Egia da akordeoiaz aparte beste elementu batzuk badaudela. Bakarkako lan bezala saltzen dut, baina agertzen dira pintzelada batzuk. Ahotsa agertzen da, badago kantu bat Italia hegoaldeko dialekto batean grabatutakoa. Flauta, klarinetea eta gitarra ere agertzen dira, baina denak pintzelada moduan. Estilo aldetik zer aurkituko du entzuleak disko honetan? Kantu asko herrikoiak dira baina nik moldatutakoak. Estetikoki esan genezake, musika klasikoaren itxura hartzen dutela. Badaude pieza klasiko pare bat ere. Azken kantua nik konposatutakoa da. Erritmo aldetik diskoa geldoa da.
Kontzerturik emango al duzu Hernanin? Zein kontzertu agenda duzu?
Iaz eman nuen kontzertu bat istorio honekin Agustinetan; honen antzekoa izan zen. Beti neurtu det herrian bertan tabarra gehiegi ez ematea. Momentuz ez daukat pentsatuta Hernanin ezer egitea. Oso lasai daramat kontzertuena. Diskora eraman ditudanean abestiak asko lasaitu naiz, bere euskarria diskoa da. Oso gustora geratu naiz, helburu hori bete dut. Hernaniz aparte, azaroaren 24an Kutxak antolatutako Kontzertitz izeneko zikloaren barruan kontzertua emango dut, eta Xabier Letek egingo du diskoaren aurkezpena. Arratsaldeko 19:00etan izango da, Donostiako Andia kalean Kutxak duen egoitzan.
Bakarkako ibilbideaz aparte zein beste proiektutan zabiltza, momentu honetan?
Joan den astean estreinatu da antzerki bat El jefe de todo esto, Ados teatro taldearena. Haiekin 15 urte daramazkit lanean, musika egiten. Bilboko Udal Txistulari Banda, Kepa Junkera, Iñaki Salvador eta beste akordeoilari batzuk ere beste proiektu bat egin dugu. Astelehenean aurkeztuko da. Asteartean Erromara noa Paco Ibañezekin emanaldi bat egitera. Ostiralean Goizuetan Unai Agirre eta Jesus Mari Irazuk Txirritaren inguruko emanaldia egingo dugu. Hernani Musika Eskola publikoan ere banabil, akordeoi eta joera berriak izeneko arloan klaseak ematen. 22 urte badaramazkit dagoeneko.