Albokarien Hernaniko 14. Topaketa

Kronika - Erredakzioa 2007ko aza. 15a, 01:00

bazter guztietatik hurbildutako albokariak elkartuko dira igande honetan Hernaniko kaleetan. Egun osoko jaialdia izango da, egitarau zabalekoa.

Egun osoan zehar

Goizean tailerrak egingo dira; alde batetik, Andrea Pisu aditua izango da gure artean launedas izeneko soinu tresna jotzeko teknikak irakasten; horretaz gain, Fede de Dios aditua ere izango da arnasketa zirkularraren irakaskuntzari buruzko tailer bat ematen; azkenik, Alan Griffin eta J.A.M. Osses izango dira esku artean duten proiektu bat aurkezten. Ondoren, bazkal aurretik, Bizkaia, Araba, Nafarroa eta Gipuzkoatik hurbildutako albokariak herriko kale eta plazetan ibiliko dira bazterrak girotzen. Elkarrekin bapo bazkaldu ondoren, erromeria izango da Ezkiaga pasealekuan; albokaren doinupean dantza egiteko aukera paregabea.

Oiartzuarrekin elkarlanean

Oiartzungo Herri Musikaren Txokoak Herri Musika Jardunaldiak antolatzen ditu, urtero-urtero, aurten seigarren aldiz, aldiro musika tresna baten inguruan. Aurten alboka izango dute aztergai eta hizpide. Hori dela eta, hernani Musika Eskola Publikoko herri soinu tresnen mintegira jo zuten, bai baitzekiten Hernanin Topaketa hauek egiten direla urtero. Beraz, bi erakundeen artean antolatutako topaketak izango dira; batetik, bi erakundeek eta bi herrietako Udalek parte hartuko dute, partehartzaileak, antolatzaileak eta laguntzaileak bi herrietakoak dira, bietan egingo dira ekitaldiak, eta garrantzitsuena: bi herrietan izango da alboka protagonista asteburu honetan.

Teoria eta praktika

Oiartzunen, batik bat, larunbatean jorratuko dute gaia, hainbat mintegiren bidez. Igandean, berriz, hernaniarrek hartuko dute lekukoa, ikastaro teorikoez gain, alderdi praktiko eta ludikoari leku emanez. yy

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!