Diputazioak antolatuta, pertsona ezinduei bideratutako aldi baterako egonaldiak eskeintzen ari dira abenduari begira. Egonaldiak 15 egunekoak edo hilabetekoak izaten dira Diputazioak berak adostu eta zonaldeka banatutako egoitzetan.
Eskaerak egiteko epeak
Orain da, hain zuzen ere, egonaldi horietarako eskaerak egiteko garaia. Azaroaren 19an bukatuko da abenduko lehenengo hamabostaldirako egonaldia eskatzeko epea. Abenduko bigarren hamabostaldirako edo hilabete osorako egonaldia eskatu nahi izanez gero, azaroaren 28a baino lehen egin behar da. Epez kanpo egindako eskaerak lekua libratu ahala erantzungo dira. Eskaintzen diren plazak baino eskaera gehiago izanez gero, lehentasuna izango dute urte osoan zehar zerbitzua erabili ez dutenek. Eskaerak egiteko, Hernaniko Gizarte Zerbitzuetara jo, ordua hartu eta eskaera bete behar da (Sandiusterriko bulegoetan).
Bete beharreko baldintzak
Bete beharreko baldintzak honakoak dira: Gipuzkoan erroldatua egotea, adineko ezindua izatea, beti ere Foru Aldundiak egindako balorazioaren arabera, eta etxean egoteko laguntza sarerik ez izatea aldi batean. Egonaldiaren kostua, berriz, pertsona bakoitzaren diru sarreren araberakoa da. Egoitzak zonaldeka banatzen dira; hernaniarren kasuan, Donostiako egoitza batera joatea tokatzen zaie.
Zaintzaileen atsedena
Pertsona ezinduen ongizatea ziurtatzeaz gain, eskaintza honek badu beste helburu bat, hain zuzen ere, pertsona ezindu horien zaintzaileei atseden hartzeko aukera ematea.
Abenduan gero eta gehiago
Egonaldi hauek Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatzen ditu eta herrietako Gizarte Zerbitzuen bidez bideratu. Urte osoan izaten da eskaintza hau; orain arte udaran izan du eskaerarik handiena, baina gero eta jende gehiago dago neguan ere zerbitzu hauetara jotzen duena.