Txantxangorri diktadorea

Kronika - Erredakzioa 2007ko aza. 12a, 01:00
Kontxi Zubiondo.
Txantxangorri elkartearen jarrera salatu nahi dugu idatzi honen bitartez, benetan diktadore moduan jokatu baitu gure jabego pribatuko den lursail bat ehiza postuak jartzeko erabili nahian. Orain dela bost hilabete usoak bezala etorri ziren gure etxera, gurea den lursail batean ehiza postuak jarri nahi zituztela eta, oso modu onean egingo zutela dena esanez, oso txukun geldituko zela, kalterik ez zutela eragingo, eta lasai uzteko eskatzen ziguten. Gure erantzuna ezezkoa izan zen, guk erabiltzen baitugu lursail hori, eta ez dugulako inork bertan egotea nahi. Ustez erantzuna onartu zuten eta besterik gabe, joan egin ziren. Zein den gure sorpresa, azaroaren 2an, otsoak bezala agertu zirenean, ehiztari batzuk, gure lursailean sartuz bere todoterrenoarekin, material guztia bertan jarri eta ehiza postuak jartzeko asmoarekin. Etxeko aitona inguruko zelaian zegoenez, konturatu egin zen eta bertara joan zen handik irten zitezen eskatzeko. Baina hitz egiteko aukerarik eman gabe, Txantxangorri Elkartekoak diren bi ehiztarik jipoitu egin zuten, sekulako irainak botatzeaz gain. Kolpeen ondorioz lesio inportanteak ditu lepoan eta besoan. Bere suhia ere laguntzera joan zen, konturatu orduko, baina harekin ere kolpeka jardun zuten. Irainak eta mehatxuak, benetan beldurtzeko moduoak, aitonari, suhiari, eta 11 eta 9 urteko bi haurrei bota zizkieten. Horrela behartu nahi gaituzue zuen nahietara? Jipoituz, kolpeka eta irainka? Inolaz ere ez. Gure lursailak dira eta ez dezute baimenik bertan sartzeko, ezta bortizkeriaz ere, ez dezute lortuko. Bukatzeko, horrelako ehiztari arriskutsuei arretaz begiratzeko eskatu nahi genizueke, oso beldurgarria baita hiltzeko mehatxuak botatzen dituen pertsonak armak soinean eramatea. Ezbehar tamalgarriagorik gerta ez dadin.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!