«Gorputz ariketen bidez askatasuna bezalako sentsazioak bizitzea da helburua»

Kronika - Erredakzioa 2007ko aza. 11a, 01:00

PELLO JAUREGIk urteak eman ditu helduen euskalduntze lanean eta hainbat proiektu landu ere bai, eskolatik kanpo euskararen erabilera sustatzeko. Azken urteotan, berriz, gorputz lanaren eremuan ari da buru-belarri. ´Sentitu` liburua argitaratu du gai honen inguruan; bertan esandakoak Zilegi Eskoletan landuko ditu.

Zeri buruzko tailerra emango duzu oraingoan?
Ikastaroaren izenak nahiko ondo adierazten du: Bost jarrera gorputzetik sentituta. Funtsean gorputz ariketak dira; ariketa hauen bidez, zehazki honako bost jarrera esperimentatu nahi ditugu: lasaitasuna, dotorezia, askatasuna, kemena eta zabaltasuna; eta ondoren, eguneroko bizitzan esperientzia horiek nola eragiten diguten ikusi, izan ere, jarrera hauek, besteak beste, gure bizitzaren eta gure harremanen isla dira. Nolakoak izango dira saioak? Printzipioz gorputz ariketak egitea proposatuko dut; gazte izpiritu fresko-freskoa behar da saio hauetan parte hartzeko, sentsazio berrietan murgiltzeko prest izan. Eta koltxoneta besapean hartuta etorri behar da.

Iaz ere aritu zinen Zilegi Eskoletan, hain zuzen ere, sei saio eman zenituen. Zein balorazio egingo zenuke?
Beno, ni oso gustora joan nintzen. 12 lagun inguru bildu ziren. Hasieran izutu egin ziren, lurrean jarri behar zutela esan nienean, baina ariketen nondik norakoa ulertu zutenenan, lasaitu eta buru-belarri aritu ziren. Lurrean barrena ibiltzeko beldurrik gabe etorri behar da. Nola uztartu ikastaroan ikasitakoa eguneroko bizitzarekin? Ez dugu ahaztu behar gure eguneroko bizitzan harremanak direla klabea, jende arteko harremanak. Beraz, gure gorputzak aditzera ematen diguna ulertzeak gure eguneroko harremanak hobetzeko balio dezake. Era berean, ezagutza horrek gure portaera aldatzen lagun dezake.

Lehengo urtean sei saio eman zenituen. Zenbat emango dituzu aurten?
Guztira 2 orduko 3 saio izango dira. Edukia, gutxi gorabehera iazko bera izango da, baina denbora arazoak direla eta, ikastaroa laburragoa izango da.

Helduen euskalduntzean ere urte asko emateaz gain, eskolatik kanpo euskararen erabilera sustatzeko proiektu asko landu dituzu. Zer iruditzen zaizu Zilegi Eskola proiektua?
Ideia zoragarria da. Euskara eguneroko bizitzarekin lotu behar da; euskarari begiratu beharrean, eguneroko bizitzari begiratu. Euskara beti hor, baina eguneroko bizitzan naturaltasunez erabilita.

 

Zilegi Eskolak, ezagutu eta erabili

ZILEGI Eskolak Hernaniko AEK-k antolatzen ditu eta helburu bikoitza dute; batetik, ikasle eta ikasle ez direnen jakinmina asetzea hainbat gairen inguruan; bestetik, saio horiek berak erabiltzea euskaraz normaltasunez aritzeko, hainbat gai ezberdin eta interesgarrien inguruan. Abendu bitarteko ekitaldietan bertan, aukera ezberdinak daude. Batetik, Pello Jauregiren ikastaroa norberaren gorputza eta jarreren arteko harremana ezagutzeko; bestetik, Damian Pedrosa bere saioari izenburua ematen dion galderari erantzuten saiatuko da; horretarako, ideologia, alienazoa, protestantismoa, eta abar bezalako kontzeptuei buruzko ausnarketa egingo du. Azkenik, sasoian egoteko, A. Saavedra kiroldegiko irakasleak aerobic ikastaroa emango du; hain zuzen ere, azken hau AEK-ko ikaslea da, beraz, mintza praktika egiteko aukera paregabea izango du. Argibide gehiago nahi izanez gero, AEKtik pasa edo 943 557879 zenbakira deitu besterik ez dago.

Egitaraua
AZAROA
-‘Bost jarrera gorputzetik sentituta’. Pello Jauregi.
Azaroak 14, 21, 28; 19:00-21:00
- ‘Lortu al daitezke askatasuna eta zoriontasuna lanik egin gabe?’ Damian Pedrosa.
Azaroak 26, 27; 19:00-21:00

AZARO-ABENDUA
Aerobic ikastaroa. Amaia Saavedra.
Azaroak 20, 27 eta abenduak 11, 18; 14:30- 16:30.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!