ETXEBIZITZA gaiaren inguruan lanean diarduen Ate Jokak herritarren iritziak biltzeko inkesta bat osatu du. Ostiral arratsaldean hasi ziren inkesta hauek betezen, kalean mahai bat jarrita. Ate Jokak aurreneko saio honen balorazio oso ona egin du, izan ere 120 bat herritar gerturatu ziren inkesta betetzera. Datozen egunetan ere, kalean mahaia jartzeko asmoa dute.
Diagnosi baten beharra
Ate Jokak inkesta hauek bildu eta etxebizitzaren inguruan herri mailako diagnosia osatu nahi du. ´Alde batetik inkesta hauek etxebizitzaren arazoa kalera ateratzeko balio dute eta bestetik bildutako informazioarekin gai honen inguruko herri mailako diagnosia egiteko asmoa dugu, ez baitago halakorik, eta beharrezkoa ikusten dugu`. Diagnosi horrek herri mailako etxebizitzaren arazoa hobeto ezagutzeko balioko duela azaldu dute Ate Jokako kideek. Behin diagnosia osatuta, publiko egitea da asmoa.
Inkesta interneten
Inkesta bete nahi duten pertsonek internetetik deskargatzeko aukera ere badute: http://personales.ya.com/kide/ helbidean. Inkesta bete ondoren atejoka@gmail.com helbidera bidali behar da.