Hernaniko errugbiko lehenengo taldea Madril bidean da, bihar eguerdiko 12:30etatik aurrera bertako Liceo Frances taldearen aurka jokatzeko.
Liceo Frances, bere onenera itzuli nahi duen talde historikoa
Partidu ikusgarria izan daiteke bihar eguerdian Madrilgo Ramon Urtubi zelaian jokatuko dena. Liceo Frances, errugbi munduan izen haundia da. Talde madrildarra urte askotan goi mailan ibili ondoren, gaur egun Ohorezko B mailan da, baina beraien helburua berriz ere goi mailara itzultzea da. Eta horretan dihardute aurten buru belarri. Ohorezko B mailan lider baitira, orain artean jokatutako 3 partiduak irabazita. Hernanik aurten aurkituko dituen zenbait taldek bezala, Liceo Francesek atzerritarrekin errefortzatutako plantila oso indartsua du.
Hernani, bigarren eta gora begira
Hala ere hernaniarrek ez diote inolako beldurrik biharko partiduari eta partidu haundiek sortzen duten ilusioarekin dijoaz Madrilera. Lehenengo jardunaldian irristadatxoa izan zuen Hernanik, baina geroztik ederki errekuperatu da eta ondorengo bi partiduak irabazita sailkapenean bigarren posturaino iritsi da. Gainera zenbakiei begira jarriz gero, Hernanik Liceo Francesen oso antzeko datuak ditu, nahiz eta 4 puntu atzetik izan sailkapenean. Aldeko puntuei dagokienez Liceo Francesek 96 lortu ditu eta Hernanik 95; kontrakoei dagokionez berriz, Hernanik askoz gutxiago jasotzen ditu, 20 puntu kontra, madrildarren 49en aurrean. Datu hauek ikusita garbi dago, Hernanik aukera errealak dituela biharko partiduan Madrildarrak lidertzatik kendu eta beraiek jartzeko. Ea ba lortzen duten.