DENA prest dago inoizko Behobia-Donostia lasterketa jendetsuenerako. Batzuk bideko 20 kilometroak egite hutsa izango dute helburu eta beste batzuk euren markak edo ondokoenak hobetzea. Irteera ofiziala 11:00etan izango da Behobiako zubi internazionaletik (gurpildun aulkiak 10:25ean), bost talde ezberdinetan: lehenengo dortsal horiak abiatuko dira (lasterketa irabazteko hautagaiak); ondoren berdeak, gero gorriak, urdinak, eta azkenik txuriak. Irteera puntuan zehaztuta dago dortsal bakoitza nondik aterako den. Marka guztiak hautsi ditu aurtengo Behobia-Donostia probak. 14.600 lagun espero dira korrika, eta horietatik 6.000 gipuzkoarrak izango dira. Holanda, Txekia, Australia, Kanada, Madril, Kataluina eta abarretik ere apuntatu da jendea. Esanguratsuenen artean, bertan izango dira azken bi urteko irabazle Chema Martinez, edo aurtengo Behobiarako propio prestatu den Kamel Ziani bezalako korrikalariak. Hernaniko ordezkaritza Hernanik ordezkaritza zabala izango du biharko lasterketan. Bere kasa aterako direnak 100dik gora izango dira, eta CD Hernanik ere partaidetza polita izango du. Kronikak jakin ahal izan duenez, Asier Larrañaga ateratzekoa da ´oso aldarte onean ez banago ere, saiatuko naiz nere burua probatzen`. Larrañagak 1:06:51 egin zuen iaz. Sergio Roman ere bertan izango da, ´ilusioz nijoa, ondo ikusten dut nere burua eta 1:09:18 marka hobetzen saiatuko naiz`. Izaskun Santana ere gogo berarekin izango da bihar Behobiako irteeran, ´aurten, orain arte krossetan atera naiz, entrenamendu gisan, eta sentsazio onak izan ditut`. Eva Esnaola eta Joxe Mari Murua ere bertan izango dira, eta beste korrikalari on asko ere bai.
Autobusa Hernanitik
CD Hernanik autobusa antolatu du aurten, eta 09:00etan aterako da atletismo pistatik. Txartel guztiak salduta daude.