HERNANIKO Amnistiaren Aldeko Mugimenduak prentsa ohar baten bidez, salatu du Hernaniko Udaleko oposizioak irailaren 27 eta 28ko asteburuan izandako gertakarien inguruan, ´herriak jasan zuen okupazio polizialari buruz, eta zauritu eta atxilotuei buruz` ezer ez esan izana.
Plenora EAE bakarrik
Prentsa oharrean Amnistiaren Aldeko Mugimenduak azaldu du, irailaren 27 eta 28ko astebukaeran izandako gertakariak salatzeko hernaniar talde batek pleno berezia eskatu zuela eta plenora, gaur egun gobernuan dagoen taldea besterik ez zela joan: ´Pleno hori Hernanin elkarbizitza eta bakean sakontzeko modu egokia ez zela iritzita, gainerako taldeek testu bat onartu zuten bozeramaile batzordean ` erantsi du. Testu horren nondik norakoak azaldu ditu mugimenduak: ´testu horretan kale borrokaren piztualdia salatu, bakea eta elkarbizitza lortzeko hernaniarrei bere inplikazioa azaldu, eta beraiek sortutako foroetan lanean jarraitzeko asmoa azaltzen zuten, bertan ideia guztiek lekua baitute, eta bakea lortzeko instrumentu bakarra hitza zela adierazi zuten`. Salatu dute hitzik ere ez esan izana ´irailaren 27an herriak jasan zuen okupazio polizialari buruz, ez egun hartan izan ziren zaurituei buruz, ez eta Baskongadetako poliziak atxilotu eta dilijentziak Madrilera bidaliko dituzten lau lagunei buruz ere`. Jarrera horrek ez duela harritzen ere aipatu du mugimenduak ´beraiek defenditzen dituzten partiduek ukatu baitzioten herri honi ahaztu nahi ez ditugun senideak omentzea, eta partidu hauek bidali zituzten beltzez jantzitako mertzenarioak ere herritik ikurrina lapurtzera` gaineratu dute. Salatu dute zinegotzi hauek nahiago izan zutela hurrengo egunetan izandako gertakari bati buruz hitz egin ´eta aurreko egunekoa ahaztu. Arazoaren erroari heldu beharrean, nahiago izan zuten astebukaeran herrian izandako elkarbizitza eta bakearen aldeko gertakari normalizatu bat bezala saldu`.
´Gertatutakoaz hitz egin beharko dute`
Gertatukoaren inguruan hitz egin beharko dutela adierazi du mugimenduak, ´hildako senideen mina, zauritu eta atxiloketak ez baitira bakea eta elkarbizitza lortzeko bidea `. Bukatzeko, salatu dute ´herriaren ordezkari diren neurrian, herriaren kontrako oldarkeriaren aurrean ez dutela, ahoan darabilten hitzarekin erantzun`. Azaldu dutenez, ´ez dugu etsiko hitz horiek entzun artean. Guk, gure aldetik, gure esku dagoen guztia egingo dugu elkarrizketa bultzatzeko`.