Indartsu hasi da Goizuetako Azaro Kulturala

Kronika - Erredakzioa 2007ko aza. 9a, 01:00

DAGOENEKO hasi dira Goizuetan Azaro Kulturala-ren barruko ekitaldiak. Pasa den ostiralean Jaione Oiartzabal Erasoko abeslaria izan zen herrian eta erantzuna ez zen nolanahikoa izan, 100 lagun inguru bildu baitziren abeslaria entzutera.

Azokaren inguruko ekitaldiak
Ekitaldi hauek guztiak urtetik urtera indar handiagoa hartzen ari den feriaren inguruan antolatu dira. Aipatutako kantaldiaz gain, badute non denbora pasa goizutarrek. Honakoak dira, besteak beste, antolatu dituzten ekitaldiak: hilaren 11n, Heriz Magoaren ikuskizuna izango dute; hilaren 16an, Jaime Carrera eskalatzailearen diapositiba emanaldia eta, hilaren 18an, haurrentzako animazio pelikula jarriko dute. Azaroaren 24an, egun handia izango dute goizutarrek eta bertara hurbiltzen direnek. 4. urtez jada, gero eta arrakasta handiagoz egiten den bertako produktu eta abereen azoka izango dute; eskulangintzak ere izango du lekua; nahi duenak egun horretan bertan egingo den herri bazkarian ere parte hartu ahal izango du. Txartelak Amaian eta Urrutienean izango dira salgai.

Bertsoek ere tartea
Azaroaren 23an, Andres Mitxelena aranoarrak jarritako eta hain ospetsu egin diren bertsoak entzuteko aukera emango digute musika eskolako eta bertso eskolako kideek, izan ere, 100 urte bete dira bertso horiek jarri zituenetik. Ondoren, bertsoekin jarraituz, Unai Agirre eta Jexux Mari Irazuk Txirrita Goizuetan 2007 bertso saio musikatua eskainiko dute, Joxan Goikoetxearen laguntzarekin. Azaroaren 30ean, berriz, bertso afari bikaina antolatu dute Umore Ona elkartean, hain zuzen ere, Xalto saria, Nafarroako eta Iparraldeko bertsolari gazteen arteko txapelketa. Ekitaldi guztiak Udal Ganbara aretoan egingo dira. Aipatu ekitaldi guztiak Goizuetako kultur taldea eta Udalaren artean antolatu dituztela; Azoka antolatzeko, berriz, Udalaz gain, herri osoak hartu du parte.

Azaro kulturala egitaraua:

Azaroak 11, igandea, 17:30etan, Ganbaran.
Heriz magoaren
aktuazioa.

Azaroak 16, ostirala, 19:30etan, Ganbaran.
Jaime Carrera eskalatzailearen
diapositiba emanaldia.

Azaroak 18, igandea; 18:00etan, Ganbaran.
Animazio pelikula
haurrentzat.
Azaroak 24, larunbata, herrian zehar
IV. Bertako produktu eta
abereen feria. Herri bazkaria.

Azaroak 23, ostirala, 20:00etan, Ganbaran.
Andres Mitxelenaren bertsoak: ‘Ezkontza galduaren bertsoak’.
‘Txirrita Goizuetan 2007’ saioa.

Azaroak 30, ostirala, 21:00etan, Ganbaran.
Bertso afaria: Xalto saria.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!