Buruntzaldeko airearen kalitatea neurtzen jarraitzea onartu zen Hirigintza Batzordean

Kronika - Erredakzioa 2007ko aza. 9a, 01:00

HIRIGINTZA Batzordea izan zen asteazkenean. Bertan airearen kalitatea neurtzeaz hitz egin zen. Batetik, badira urte batzuk Hernaniko airearen kalitatea neurtzen dela, herri erdigunean eta industria inguruan dauden dispositiboen bidez. Neurketa hauen bidez arnasten dugun airean zer dagoen neurtzen da, eta osasunarentzat kaltegarriak izan daitezkeen substantziak onargarriak diren kopuruetan kontzentratzen diren ala ez. Batzordean neurketa horiek egiten jarraitzea onartu zen, airearen kalitatearen informazio zabalagoa lortu nahi baita. Horrez gain, Buruntzaldeko airearen kalitatea neurtzeko, Lasarte eta Andoain artean dispositibo bat ere jarriko da.

Beste puntu batzuk
Proyecto Hombre-k Latsunben duen eraikina botatzeko eskaerari baiezkoa ere eman zion batzordeak. Asmoa da eraikin hau bota eta berria den beste bat egitea. Zinkoeneako hegoaldea, kiosko eta autobus gorriaren parada ingurua, urbanizatzeko proiektuaz ere hitz egin zen. Urbanizatzeko proiektua moldatzen ari dira orain, besteak beste, kiosko berria jarri nahi dute. AMR Reflectarios enpresa Ibaiondo poligonora pasatzekotan da. Kontua da Ibaiondoko lur horiek kutsatuta daudela eta hori dela eta lur mugimendua egiteko eskaera egin du enpresak. Udalak baiezkoa eman dio eskaera horri.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!