2008ko Udal aurrekontuak osatzeko, herritar eta herriko eragileekin bilerak hasiko dira astelehenetik aurrera, atzo Udal Gobernu taldeak prentsaurreko baten bidez jakinarazi zuenez. Bilera hauek 2008ko aurrekontuak osatzeko aurreneko fasea izango lirateke, eta fase honetan sektore bakoitzean diharduen edo interesa duen herritar eta eragileekin bilduko dira. Honela banatu dituzte sektoreak: politika soziala, euskara, ongintza, zerbitzuak, hezkuntza, hirigintza, kirolak eta kultura. Bilera hauetaz gain, Hernaniko Udalaren www.hernani.net web orriaren bidez ere egin ahal izango dira aurrekontuetarako ekarpenak. Bigarren fasean, Ogasun batzordea deituko da eta bertan proposamenen artean lehentasunak markatuko dituzte. Batzorde honetan ere nahi duten herritarrek parte hartuko dute. Ogasun batzordea abenduaren 13an izango dela aurreikusi dute. Azken fasean, Gobernu taldeak, Udal aurrekontuen zirriborro bat idatziko du, aurreko faseetan jasotakoa kontuan hartuta. Ondoren, zirriborro hori udaleko beste talde politikoei aurkeztuko diete, eta aldi berean, herritarrekin bilera bat egingo da, egindako zirriborroa aurkezteko eta haiek egindako ekarpenak zirroborroan izan duen islada azaltzeko. Bilera hau urtarrileko azken hamabostaldian egitea espero dute. Aurrekontuak, otsaila bukatu aurretik, onartu nahi lituzkete, Pleno batean.
Inbertsioen atalean, 2 milioi euro aurreikusi dira
2008ko aurrekontua osatzeko zer diru dagoen dagoeneko kalkulatu dute. 2008rako aurreikusten den diru sarrera arrunta 23 milioi eurokoa da eta gastu arrunta, 21 milioi eurokoa. Inbertsioetarako beraz, 2 milioi euro izango dira, eta diru horiek zertan gastatu behar diren izango da azaldutako prozesuan, eztabaidatuko dena.
Parte hartzea sustatu
Atzoko prentsaurrekoan azaldu zutenez, ´aurrekontu ahalik eta egokienak gauzatzeko ahalik eta herritar gehienen partehartzea beharrezkoa da, eztabaida eta erabaki hori ordezkari politiko eta udal teknikariei mugatu gabe`. Horrekin batera esan zuten zenbat eta ikuspegi ezberdin gehiago bildu eta parte hartze zabalagoa izan, azken erabakia gehiago hurbilduko zaiola interes orokorrari .
Bilerak sektoreka
POLITIKA SOZIALA.
Azaroak 12. 19:00etan, Biterin.
EUSKARA.
Azaroak 13. 18:30etan, Udaletxean.
ONGINTZA.
Azaroak 14. 19:00etan, Udaletxean.
ZERBITZUAK.
Azaroak 19, 18:00etan, Biterin.
HEZKUNTZA.
Azaroak 20, 19:00etan, Biterin.
HIRGINTZA.
Azaroak 21, 18:00etan, Udaletxean.
KIROLAK.
Azaroak 26, 18:30etan, Biterin.
KULTURA
Azaroak 27, 18:30etan, Udaletxean.