Hernaniko Kronikak Martindegiko Tellerixar baserriko Ramon Mugertza artzaiarekin hitz egin du, gai honi buruzko bere iritzia jakiteko. Ramon Mugertzak 550 buruko artaldea du, eta abeltzaintza ekologikoan dabil. Bere iritzira, mingain urdinaren gai honi behar baino garrantzia gehiago ari zaio ematen, ´hori baino gaixotasun larriagoak badaude, agalaxia gaixotasunak adibidez artalde osoa akaba dezake` azaldu du. Aparteko neurririk hartu ote duen galdetuta, dio momentuz ezetz. Hala ere, gaiari buruz beterinario ezberdinekin hitz egin du, informatzeko. Adi ere badabil, ardiak bijilatuz. Ardiak, beti bezala, bere soroetan dabiltza, eta ohi duen bezala, umatzeko edo umatu berri diren ardi eta bildotxak dira ikuiluan sartzen dituenak. Gaixotasunak salmentetan eragina izango duela uste du, eta gaixotasunaren jatorriari buruz, uste du animali mugimenduak ekarri duela gaixotasuna inguru honetan agertzea.
Agerren, 40 bat behi
Santa Barbarako Agerre baserrian ere uste dute gaiari medioetan garrantzia haundia ari zaiola ematen, eta ez dela gaixotasunetan grabeena, gutxiago behien kasuan. Azaldu dutenez, ez dute neurri berezirik hartu, soilik, gizentzera eramaten dituzten 15 eguneko idiskoak ez dituztela momentuz eramaten, ´ikusiko da zenbat luzatzen den gaia` azaldu dute. Beterinarioekin harremana beti izaten dutela adierazi dute, behia saltzerakoan edo hiltzerakoan beti egiten baitute azterketa. Behiak ikuiluan eta inguruko soroetan dauzkate eta neguan, urtero bezala, ikuiluan sartuko dituzte denak. Gaixotasun honek salmentetan eragingo duela uste dute, nahiz eta gizakian eraginik ez duela esan.