JOAN den azaroaren 2an, Oiartzun aldean mingain urdina izeneko gaixotasunak kutsatutako zenbait ardi eta behi aurkitu zituztenetik zer hitz egina eman du gai honek. Antza denez, gaixotasuna behiei, baina batez ere, ardiei eragiten die eta eltxo baten ziztadaren bidez kutsatzen da, ez animaliz animali. Animaliak kutsatuz gero gaixotasuna tratatu liteke, eta Diputazioak garbi utzi duenez, ez luke ondoriorik izango pertsonengan. Beraz, gaixotutako animali baten haragia janda ere, gizakia ez litzateke kutsatuko. Diputazioak aurreikusitakoaren arabera, espero dute datozen egunetan, kutsatutako ardi edo behi gehiago agertzea. Atzo jakitera eman zutenez, 56 arditan harrapatu dute gaitza eta dagoeneko 33 hil egin dira. Kontua da, gaixotasuna zabaltzen duen eltxoak ziztatu eta 8 bat egunera hasten direla animalietan sintomak agertzen.
Ardiei behiei baino gehiago
Diputazioak egindako kalkuluen arabera, gaixotasun honek artalde oso bati eragin diezaioke, eta gutxi gorabehera artaldearen erdia hil dezake, kutsatuz gero. Behiei dagokionean, talde osoaren %5ak izango luke gaixotzeko arriskua. Ardien kasuan honakoak dira sintomak: sukarra, zauriak aho sabaian, mingaina haunditu eta urdintzea. Behien kasuan aldiz, sarritan ez da sintomarik izaten eta izatekotan, sudur azalean zauriak, lerdea eta sukarra izaten dira.
Aholkatutako neurriak
Diputazioak zenbait neurri ezarri ditu Gipuzkoa osorako. Batetik, ardi eta behiak ez mugitzeko agindua eman du, ez bada gaixotutako animaliak sakrifikatzeko. Bestetik, animalien feriak debekatu ditu, eta azkenik, kutsatutako animaliarik izanez gero albaitariari lehenbailehen jakinarazteko agindua eman du. Horrez gain, honako aholku hauek eman ditu: animaliak eltxoen ziztadetatik babesteko botikak erabiltzea; ahal bada, animaliak biltzea, eltxoek aktibitate gehien izaten duten orduetan; ikuilua eta inguruak baimendutako intsektizidekin tratatzea eta hildako animaliak arauek zehazten duten moduan erretiratzea.