Ezindutako adinduak etxean dituztenentzako laguntza taldea martxan hasiko da azaroaren 14an

Kronika - Erredakzioa 2007ko aza. 6a, 01:00

SENDIAN programaren barruan ikastaroa izan da ezindutako adinekoen zaintzan dabiltzan senitartekoentzat. Ikastaroa urrian zehar izan da, eta ikastaro horri jarraipena emango die hamabostean behin egingo diren laguntza taldeko bilerek. Laguntza talde hauetan ezindutako adinduak zaintzen dabiltzan familiako kideak eta Arantxa Sein, Matiako psikologoa bilduko dira. Bilera hauetan senitartekoek dituzten kezkak eta zalantzetaz hitz egingo dute, zaintza lanetan orientazioa emateko helburuarekin. Aurreneko bilera azaroaren 14an izango da, arratsaldeko 15:00etatik 17:00etara, Ongintzan. Hurrengo bilerak azaroaren 28an eta abenduaren 12an izango dira. Sendian programa barruko ikastaroa egin dutenei dagoeneko bidali diete laguntza taldeei buruzko informazioa. Bestela, izena eman nahi dutenek Ongintzara deitu beharko dute, 943 557854 telefonora, eta Antton gizarte laguntzaileagatik galdetu. Laguntza taldeetan dagoeneko 14 pertsonek eman dute izena.

Ikastaroaren balorazioa
Urriaren 22tik 30era bitartean, Sendian programaren barruan, ikastaroa izan zen, ezindutako adineko pertsonak zaintzen dabiltzan senitartekoentzat. Ikastaroan zaintzaren inguruko alderdi ezberdinak landu ziren. Saio bakoitzean, 25 pertsona izan dira, eta Antton Aizkorreta, gizarte laguntzaileak azaldutakoaren arabera, bertara joan zirenek interes haundiz jarraitu zituzten landutako gai ezberdinak. Arreta gehien, hala ere, zaintzaren alde psikologikoak piztu duela azaldu du gizarte laguntzaileak: ´askotan senitartekoak gaizki sentitzen dira beren buruarentzako denbora faltan botatzen dutelako eta kulpa sentimendua izaten dutelako`. Alde horretan psikologoak laguntza haundia eman ziela adierazi du gizarte laguntzaileak: ´besteak zaintzeaz gain, norberarentzako denbora hartzea ere beharrezkoa dela azaldu baitzuen`.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!