Elorrabik irabazi du Elur Txoriko 25. Sagardo txapelketa

Kronika - Erredakzioa 2007ko aza. 6a, 01:00

Elur Txori elkarteak 50 urte bete ditu aurten eta ekintza ezberdinak antolatu ditu ospakizun horren bueltan. Larunbatean urteroko Sagardo txapelketa izan zen, eta 10 sagardotegiren artean Elorrabik irabazi zuen, 1.132 puntu bilduta. Atzetik izan zituen, Astiazaran (1.126 puntu), Rufino (1.122), eta Setien (1.120). Lau sarituak oso puntu gutxiren barruan gelditu ziren, 80 lagun inguruk epaile lana egin zuela kontuan izanda. Larunbatean Elur Txori leporaino bete zen. Sagardo txapelketak sona haundia izateaz gain, aurten 25garrena zen, eta elkartearen 50garrena. Antolatzaile eta guzti 100 lagun inguru elkartu ziren Elur Txorin, eta giro ezin hobean pasa zuten afaria eta afalondoa. Sanz eta Martinez omenduak Larunbatekoa zen egun aproposa sagardo txapelketa antolatzen 25 urte egin dituzten bi lagun omentzeko. Txa-pelketa hasi zenetik Inaxio Sanz eta Karlos Martinezek egin dituzte antolatzaile lanak, eta elkarte-kideen esker ona jaso zuten, ondo merezia, egindako lan guztiagatik.

50. urteurreneko ekitaldiak
Mende erdia betetzen duela eta, elkarteak ekitaldi asko antolatu ditu hil honetarako. Datorren igandean, esaterako, Pagoetara mendi irteera antolatu dute gaztetxoentzat, Mendiriz Mendi taldearekin elkarlanean. Autobusa 08:00etan aterako da Atsegindegitik. Bestalde, azaroaren 24an, larunbatarekin, pelota partiduak, argazkia eta urteurreneko bazkaria izango dituzte; 25ean Gipuzkoako bola txapelketa eta hildako bazkideei meza; eta hilaren 30ean Errioxako ardo dastaketa.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!