Datorren igandean da 43. Behobia-Donostia lasterketa, eta munduko leku guztietako 14.600 korrikalari aterako dira bertan, inoizko Behobiarik jendetsuenean. Behobia maratoi erdi herrikoietan famatuena da, eta horren lekuko da bazter guztietako jendea bertan ateratzea: Belgika, Holanda, Txekia, Australia, Kanada, Madril, Katalunia, Valentzia eta abar luze bat. Dena dela, beti bezala korrikalari gehienak gipuzkoarrak dira; 6.000 gipuzkoar hain zuzen ere, eta horien artean Hernaniko 100dik gora lagun, azken hilabeteetan fin entrenatzen aritu direnak.
Maila ona ziurtatua
Herri lasterketa den aldetik, nahi duen jende guztiak parte hartzea da antolatzaileen helburua, eta hori guztia kondizio ahalik eta onenetan egin ahal izatea. Hala ere, punta-puntako korrikariak ere beti izan dira Behobian eta aurten ere ziurtatua dago marka bikainak izango direla. Bertan izango da azken bi urtetako txapelduna: Chema Martinez, eta beste ezagun asko: Kamel Ziani, Marcel Zamora Ironman-eko irabazlea, Martin Fiz... eta baita Abraham Olano eta Neil Stephens txirrindulari ohiak, eta Luis Enrique futbolaria ere.
Irteera ofiziala 11:00etan
Irteera Behobiako zubi internazionaletik izango da, goizeko 11:00etan (gurpildun aulkiak 10:25ean). Dena dela, dortsalaren arabera, 5 taldetan abiatuko dira korrikalariak. 11:00etan abiatuko direnak azkarrenak dira, dortsal horia daramakitenak. Ondoren dortsal berdeak dijoaz; gero gorriak; urdinak eta azkenik dortsal txuriak. Irteera puntuan zehaztuta dago bakoitzaren lekua zein den.
Hernaniarren argazkia
Kronikak urtero bezala hernaniarren argazkia aterako du aurten ere, Behobiako irteera ondoan dagoen eskolako patioan, 10:15etan. Puntual azaltzea komeni da.