Ipuin kontalariak umeen gozagarri

Kronika - Erredakzioa 2007ko aza. 4a, 01:00

Gero eta ume gehiago biltzen dira Udal Liburuteguko saio hauetara.

UMEEK badute non denbora pasa Kultur Etxean. Hain zuzen ere, Ipuin Kontaketa saioak izaten dituzte hilaren azkeneko astearteetan, Udal Liburutegian. Pasa den astearteko saioa oso entretenigarria izan zen; kontalariak ipuina kontatu ahala, laguntzaileak ondoko arbelean ipuineko protagonista marraztu baitzuen, besteak beste. Saio hau aurtengo kurtsoko bigarren saioa izan da; eta era berean, urteko saiorik jendetsuena. Helburua hilabetero kontalaria aldatzea da; esate baterako, pasa den astean Kontu Kantoikoak aritu dira, eta datorren hilean herrian maiz izaten den Lur Korta izango da kontalari. Hurrengo saioa, beraz, hilaren 27an izango da Udal Liburutegian. Bi saio izango dira, bata 17:30etan 3-4 urte bitarteko umeentzat, eta bestea 18:00etan 5-7 urte bitarteko umeentzat. Urte asko dira saio hau abian jarri zela; hasiera batean egun finkorik ez bazuen ere, azkenean hileko azken asteartean finkatu zen. Formatoa bera ere aldatu egin da, beti ere, umeen behar eta nahiei erantzuteko. Ekitaldi hau Hernaniko Udalak antolatzen du Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!