XABIER ERDOZIA ‘LOU’ Fantasia eta Beldurrezko Zinemaren XVIII. Asteari ‘REC’ filmeak eman zion bukaera atzo. Ondoren, eta astearen balorazioa egiteko xedez, Jose Luis Rebordinos, Beldurrezko Astearen Zuzendariarekin solasean izateko aukera paregabea izan dugu. Donostia Kulturako Zine arloaz arduratzeaz gain, Jose Luisek Donostiako Zinemaldiaren Aukeraketako Komitean lana egiten du. Lehen mailako zinema kudeatzailea dugu Jose Luis, eta gainera liburuak idatzi eta antolatzen ditu, besteak beste. Izugarrizko kurrikulum horren gainetik samurtasuna eta indarra dira Rebordinosen ezaugarri nagusiak. Hona hemen berarekin jorratuaren azalpen bat.
Zein izan da zuretzat Beldurrezko Asteko filme interesgarriena? Jose Luis Rebordinos: Frontières, Xavier Gensen filmea da niretzat Europan egindako filmerik sendoenetariko bat. Filmeak Sarkozyren Frantzia ezinhobeto aztertzen du. Gensek azaltzen digun Frantzian Eskubi Erradikala hauteskundeak irabaztekotan dago. Eskubi Erradikal faxista, hain zuzen ere. Frontières-ek guzti hori aztertzen du, baina gainera terrorezko filme izugarria da, La matanza de Texas klasikoari omenaldia eskeintzen dion filmea besteak beste. Horrela, filme oso gogorra zuzentzeaz gain, Frantziako eta Europako egoera politikoaren funtsezko gogoeta egin du Xavier Gensek.
Terrorezko Astearen hemezortzigarren urtea, Jose Luis... Zein izango litzateke urte horietako balorazio orokorra? J.L.R.: Nire ustez, balorazioa positiboa da. Orain dela lau edo bost urte, zinemaldiak hurrengo mailara aurrerapausoa emateko orduan beharrezko bultzada ekonomikoa izan ez genuenean... Garai hura gogorra izan zen... Baina azken bi urte hauetan oso ondo ibili gara, aurkitu dugu beharrezko energia. Aurten ere Victoria Eugenia Antzokian hasi gara, eta hori garrantzizko erronka izan da guretzat. Aukera ederrak ematen dizkigu aretoak; ez bakarrik antzokia izugarria delako, aukera zabaleko areto txiki pilo bat dituelako baizik... Erronka polita orain Antzoki Zaharra publikoz betetzen dugun moduan Victoria Eugenia betetzea izango litzateke. Eta horretan gaude. Hamazortzi urte hauetan gauza pilo bat pasa dira eta publikoa betikoa da. Guk aurten epaimahai gaztea osatu dugu, eta ni oso pozik nago gure deiari ehun eta zortzi gaztek erantzun dielako. Ehun eta zortzi gazte horiek Astean programatu ditugun laburmetrai guztiak ikusi dituzte. Gazte horiek izan daitezke Asteak behar dituen generazio berrien partaideak.
Eta zein izango litzateke aurtengo edizioaren balorazioa? J.L.R.: Gu oso pozik gaude. Astea antolatzea erosoa izan da, arazo berezirik izan ez dugulako, eta hemezortzi urte horien ondorioz profesionalagoak garelako. Publikoaren aldetik, Victoria Eugenia Aretoko programazioa ikustera (70. Hamarkadako Beldurrezko Zinemaren Saila) guk espero genuena baino jende gehiago azaldu delako. Oraindik zenbaki zehatza emateko goiz bada ere, 50.000 ikusle inguruan ibili garela esango nuke. Eta esposaketen martxa ikusiz, iazko edizioaren parekoa izan dela baieztatuko nuke.
Laburmetraien lehiaketari dagokionez, zer aipatuko zenuke? Kalitate oneko laburmetraiak ikusi ahal izan ditugu. Zergatik? Espainiako Zinemaren Akademiak Goyaren zeremonia ofizialetik kendu du Laburmetrai Hoberenaren saria. Zergatik ez zaio formato horri duen garrantzia ematen? J.L.R.: Zinemaren Akademiak egin duena burugabekeria izugarria da niretzat. Akademiak ahalmena baldin badu laburmetraiak Goya Sarietatik kanporatzeko... Hori oso serioa iruditzen zait... Zinema espainola defendatzeko modu kaxkarra iruditzen zait neurri hori erabakitzea. Laburmetraiak formato berezi bat osatzen du. Zinemaren maisuak, David Cronenbergek kasu, maiz erabiltzen duen formatoa da; laburmetraiak gazteei lehenengo filmeak egiteko aukera paregabea eskeintzen die. Espainian, oro har, baina Euskal Herrian bereziki, laburmetraien maila munduko hoberenetarikoa da. Hain herri txikia izateko, maila altua dugu benetan. Hori guztia kontuan hartuta, ez dut ulertzen jarrera hori.
Antzerkiak garrantzizko tartea izan du Beldurrezko Astean, herenegun Dramakuin Antzerki Taldeak ‘The Rocky Horror Picture Show’ filme mitikoari buruzko antzezlana egin baitzuen... J.L.R.: Ez ahaztu aurtengo Asteari Morboria Antzerki taldeko ikuskizunak eman ziola hasiera. Maila handiko ikuskizuna izan da hori. Duela urte batzuk ere Teatro Corsarioaren Vampyria ikuskizuna ekarri genuen... Aurtengo ikuskizunak kalitatezkoak izan dira. Datorren urterako ziurrenik Aullidos, Teatro Corsarioren azken antzezlana izango dugu ikusgai. Terrorezko Astean ikusi ahal izan ditugun laburmetraien artean zein dira zuri gehien gustatu zaizkizunak? J.L.R.: Lapsus oso dibertigarria da, esate baterako. Juan Luis Zaramella argentinarrak zuzendutakoa da. Niri izugarri gustatzen zaidan laburmetraia Koldo Almandozen Columba Palumbus da. Sitgeseko Zinemaldiari hasiera eman zion, eta egun egunkarietan maiz agertzen den historia kontatzen du, baina oso era originalean, eta motz. Almandozena laburmetrai indartsua da benetan.
Victoria Eugenia Antzokian 70 hamarkadako beldurrezko zineari buruzko saila ikusteko aukera izan dugu... J.L.R.: Victoria Eugeniara etortzerako, erabakita genuen zein izango zen emango genuen saila, Sitgeseko Zinemaldiarekin batera antolatutako saila izan baita. Orain dela ia bi urte hasi ginen hori prestatzen eta erronka izugarria izan da guretzat. Victoria Eugenia Antzokia ez da bete, baina saio bakoitzean ehun sarrera baino gehiago saldu ditugu. Guk pentsatzen genuena baino jende gehiago etorri da.
Nik dagoeneko irakurri dut 70 hamarkadako zinemari buruz argitaratu duzuen liburua. Zorionak, liburu bikaina delako. Orduko zinemari buruzko funtsezko liburua da. Orohar ezinhobeto zaindu dituzue argitaratutako liburu eta aldizkari guztiak, eta argitaratutakoa oso merke jarri duzue salmentan. Nola da posible guzti hori? J.L.R.: Donostia Kulturako argitalpen guztiak zaindu egiten ditugu. Lan gogorra da, ordu ugari behar baitira merezi duen lana egiteko. American Gothic liburuaren argitalpenerako pertsona askoren lan izugarriaren beharra izan dugu. Ez bakarrik idazleena, aurkitu nor arduratuko den horretaz, bibliografia lortu... Guzti horretaz batez ere Carlos Plaza arduratu da, taldeko beste guztien laguntzarekin. Eta ezinbestekoa da aipatzea Antonio José Navarro, liburuaren kordinatzailea, lan sendoa egin duena. Gainera Interzona, komikiari buruzko aldizkari berria sortu dute Borja Crespo eta Rubén Lardínek, komiki munduarekin lotura zuzena dutenak. Datorren urtean, euskaraz idatzitako ipuinak argitaratzea gustatuko litzaidake eta marrazkiak marrazkilari euskaldun batenak izatea. Nik uste dut haurrak eta gazteak zaintzea ezinbestekoa dela guretzat, etorkizuna bere eskuetan baitago. Horregatik argitalpen erakargarriak gauzatzea guretzat ezinbestekoa da.