Bi aste ekitaldiz bete-beteak, Goiz Eguzkin

Kronika - Erredakzioa 2007ko aza. 4a, 01:00

Internet kurtsoa, mus txapelketa, magia emanaldia eta abar izango dituzte.

Goiz Eguzki jubilatu etxean ekitaldiz gainezka dituzte datozen bi asteak. Atzo urteroko bidaia zuten Iratxeko monastegira, eta bi autobuskada bete jende joan ziren egun pasa. Horrez gain, aste honetan hasiera emango diote antolatu berri duten internet ikastaroari, astelehenean, elkarteko ordenadore gelan, eta asteartean, azaroak 6, Udazkeneko mus txapelketa hasiko dute.

Iratxera beste autobus bat

Atzo Iratxera joaterik izan ez zutenek beste aukera bat izango dute abenduaren 1ean, eta zozketa asteazkenean izango da, azaroak 7, arratsaldeko 16:30etan, elkartean. Oraindik badira lekuak libre.

Bi hitzaldi

Azaroaren 8an eta 12an hitzaldiak izango dituzte elkartean. Azaroaren 8an, ostegunarekin, Udaleko Berdintasun sailak txarla emango du ekitaldi aretoan, argazki lehiaketari buruz. Esan bezala, ostegunean izango da hitzaldia, arratsaldeko 17:00etan. Azaroaren 12an, astelehenarekin, hitzaldia izango da gorputza zaindu eta garbitzearen garrantziari buruz. Kutxa Aretoaren jardunaldi dibulgatiboen barruan izango da hitzaldia, Pablo Mendia hizlari dela.

Majia ikuskizuna

Marsel magoak majia ikuskizuna eskainiko du azaroaren 15ean, ostegunarekin. Marsel magoa lehen ere izan da Goiz Eguzkin, eta ikusmin haundia piztu izan du aldiro. Ikuskizuna, 17:00etan izango da, elkartean bertan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!