Xabier Erdozia ´Lou´
BALAGUERÓ eta Plazaren filma Veneziako Zinemaldian izan ondoren, Sitgesekoan Zuzendaritza Hoberena eta Aktore Hoberenaren Sariak jaso zituen. Zinemaldi horretan ikusi zuten gehienen iritziz, filma azken urte hauetan egindakoen artean hoberenetariko bat omen da. Zonbien subgeneroa erabiliz, Plaza eta Balaguerók terrorezko film bat gauzatu dute egun komunikabideen rola kritikatzeko xedez. Filmaren emanaldiarekin, 20.30tan Kursaalen, bukaera ofiziala emango diote Terrorezko Asteari Donostia Kulturakoek.
Haurrentzako zinema
Haurrentzako zinemari dagokionez, bi film izango dituzte aukeran. Eguerdiko 12:00etan eta doan Betizu eta urrezko zintzarria, Egoitz Rodriguezen filma estreinatuko dute Kursaalen. Arratsaldean ordea, eta zazpi urtetik gorako haurrentzat gomendatua, The horror bus Pieter Kuijpers zuzendariaren azken filma izango dute ikusgai, hau ere Kursaal Aretoan. Filma ikusteko ez dago ezer ordaindu beharrik, eta euskaraz emango dute.
Beldurrezko Astea bukaeran
Eta beti bezala, konturatu gabe etorri zaigu Terrorezko Astearen bukaera. Gogoz bizi izan ditugun egun horiek mota desberdinetako zineaz beteriko egunak izan dira. Baita Euskal Herrian zein kanpoan egindako komikietan murgiltzeko, eta musika, antzerkia eta beste ikuskizunetaz lagun artean gozatzeko. Intentsitate haundiko egunak. Errez ahaztuko ez direnak. Ikusitako film batzuk azpimarratzea derrigorrezkoa da. Maila altua izan da eta Frantziatik ekarritako filmak bide berriak ireki dituzte. Batetik Xavier Gensen Frontières (Frantziako eta Europako egoera politiko eta sozialaren salaketa da, eta baita La matanza de Texas filmari egindako omenaldia); eta bestetik, À l´interieur filma, Julien Maury eta Alexandre Bustilloren luzemetraia, Dario Argento maisuaren urratsetik abiatuz alde berriak aztertzen dituena. Horiekin batera, Hitoshi Matsumotoren Dainipponjin, Yoshiaki Kawajiriren Highlander, edota Anders Ro-nnow Klarlundenen How to get rid of the others, kontuan izan beharreko proposamenak dira.