´Gizonak zainketa eta etxeko lanekin goxatzen` argazki lehiaketa

Kronika - Erredakzioa 2007ko aza. 3a, 01:00

Argazki lehiaketa honek bi helburu ditu antolatzaileen ustez; batetik, etxeko lanak eta zainketa emakume eta gizonen artean banatzearen garrantzia azaltzea; bestetik, gizonek beldurra edo lotsa galtzea eta norbere burua edo besteena zaintzeak izan ditzakeen alde onetaz jabetzea. Argazki lehiaketa hau sentsibilizazio kanpaina baten barnean aurkezten da. Kanpaina honen helburua zehatza da: etxeko lanak eta zaintza lanak gizon zein emakumeen ardura direla erakustea, eta bide honetatik gizartean dagoen sexuaren araberako lan banaketarekin amaitzea.

Lehiaketako baldintzak
Partaideei dagokienez, bakoitzak gehienez bost argazki aurkeztu ditzake. Lehiaketan edozein adineko emakume eta gizonek parte har dezakete, eta lau kategoria banatuko dira: 17 urte artekoak; 18-30 urte bitartekoak; 31-54 urte bitartekoak; eta azkenik, 55etik gorakoak. Baldintzei dagokienez, nagusia honakoa da: argazkietan gizonak agertzea etxeko lanak egiten edo besteak zaintzen, hau da, tradizionalki emakumeek egin izan dituzten lanetan. Euskarriari dagokionez, argazkiak paperean nahiz formatu digitalean aurkez daitezke. Nahi izanez gero, argazkiarekin batera, titulua, hausnarketa edo argazki oina erantsi daiteke, beti ere, honen esanahia osatzeko edota nolabaiteko hausnarketa eransteko. Sariei dagokienez, kategori bakoitzeko hiru argazki finalistek sari bana jasoko dute: 1. saria, 300 €koa; 2. saria, 200 €koa eta 3. saria, 100 €koa. Honetaz gain, aukeratutaklo 12 argazkiekin Hernaniko Udaleko Berdintasun Arloak 2008 urteko egutegia egingo du, argazkilarien izenekin eta argazki oinarekin. Bestalde, epaimahaiak aukeratutako argazkiekin erakusketa bat egingo da. Argazkiak aukezteko epea azaroaren 21ean amaituko da. Lekua, berriz, Hernaniko Udaletxeko Erregistroa (9:00-13:00) edo emailez: argazkilehiaketa@gmail.com. Esan bezala, bereziki baloratuko da gizonezkoek zainketa eta etxeko lanetan aritzeak dakarren onura eta aberasgarritasuna ondo islatzea. Ildo beretik, eransten diren titulu, hausnarketa edota argazki oinak irudiaren mezua osatuko dute. Argibide gehiago nahi izanez gero, Udaletxeko Erregistroan, Berdintasun Arloan edota Udaleko web orrian (www.hernani.net) eska daitezke oinarriak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!