Gure herrian 19.000 bat lagun gara zinegotzi edo alkate ez garenak. Batzuk, gehienek nire ustez (baina dirudienez ez denek) uste dugu herritar guztiak garela gure herriaren oinarri eta aberastasuna. Asko gara hori uste dugunok (baina dirudienez denak ez dira iritzi berekoak) hernaniar guztiak garela gure lana eta ideiekin, gure iritzi eta esfortzuarekin, osatzen ditugun kultur eta kirol taldeekin, eratzen ditugun auzo elkarte edo ekimen sozialen bidez, edo besterik gabe gure kezka indibidualekin gure herria gorpuztu eta aberasten dugunak. Asko gara uste dugunok kolore, iritzi eta esparru politiko ezberdinetako 19.000 hernaniarrak, den denak, garela Hernaniren eraikuntza eta udalaren jardueraren protagonistak eta eragile nagusiak. Ez soilik hor dauden 17 zinegotzi.
Beste pertsona batzuk ordea badirudi garrantzi gehiago ematen dietela titulu hau edo bestea izateari, irakurri berri dugunez pertsona batzuk herritarrak karguen arabera sailkatzen dituzte. Kargu bat izateak norberaren iritziari, argudioei edo sinesgarritasunari zer edo zer gehituko balio bezala. Ez naiz ni iritzi berekoa.
Horregatik garrantzitsua da oso eta eskerrak eman nahi dizkiot Kronikari herritar guztien iritziei (nahiz eta titulurik gabeko herritarrenak izan) atal bat irekita izateagatik.
Gaurkoz ez dut besterik. Denbora izango da arau subsidiarioei buruz, edo aurreko udalak utzitako arazoei buruz hitz egiteko, gutxi gutxi ez direlako. Zoritxarrez.
Mikel Arrieta Iraola