‘À l’interieur’ eta ‘Dard Divorce’ Beldurrezko Astearen Gau Ilunean

Kronika - Erredakzioa 2007ko aza. 1a, 01:00

IZUGARRIA eta saio luzea gaurkorako programatu dutena Beldurrezko Astean. Jaieguna izanda, eta kontuan izanik askok bihar ere zubia gozatzeko aukera izango dutela, zinemaldiaren antolatzaileek ordu txikiak arte programatu dute mota desberdineko zinea. Horrela, gaurko programazioari arratsaldeko 17:00etan, Phil Mucciren The Listening Dead laburmetraiak eta Zelanda Berriko The Tattoist luzemetraiak emango diote hasiera ezin hobea. Ilunabarrean ordea manga ikusteko lehendabiziko aukera izango dugu, 20:00etan, Codehunters, Ben Hibonen laburmetraia eman ondoren, Yoshiaki Kawajiriren Highlander: The search of vengeance filmaren ordua izango baita. Los inmortales filmeko pertsonaietan oinarriturik, Kawajirik film ikaragarria gauzatu omen du. Gauean berriz, 22:30etan, Jérôme Yermiaren Soufflé de vie laburmetraia eta Joe Bum-Jinen Aachi&Ssipak marrazki bizidunez gauzatutako film famatua izango ditugu ikusgai. Eta bukatzeko, gaurik ilunenaren lemapean eguneko filmerik erakargarrienak izango ditugu Antzoki Zaharreko pantailan: À l´interieur Julien Maury eta Alexandre Bustillok zuzendutako filma, urteko hoberenen artean omen dagoena, eta Olaf Ittenbach zuzendari ezagunaren azken filma: Dard divorce. Beraz, aniztasuna eta kalitatea nagusi, Beldurrezko Astearen ohizko errezeta. Benetan, aprobetxatzeko moduko aukera.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!