Azaroko kultur agendan ekitaldi ugari

Kronika - Erredakzioa 2007ko aza. 3a, 01:00

Udazkena iristearekin batera agenda kultur ekitaldiz bete zaigu. Hernanin bertan badago zeregina edo aukera, behinik behin. Batzuk egun bakar bateko ekitaldiak ditugu, beste batzuk astebetez luzatuko dira, eta beste batzuk hilabetean zehar gozatu ahal izango ditugu.

AZAROA musikaz blai dator. Santa Zeziliaren eraginez edo, hilabete honetan musika ekitaldi ugari izango ditugu herrian. Hilaren 10ean Kalez Kale Kantariko saio berria izango da herriko kaleetan barrena eztarria leundu nahi duten guztientzat. Hilaren 18an, berriz, urtero bezala, Hernaniko Albokarien XIV. Topaketa ospatuko da herrian zehar. Hilaren 22an gaztetxoek aukera izango dute Hernani Musika Eskola Publikoan ikasitakoak jendaurrean erakusteko. Musikarekin jarraituz, hilaren 23an piano eta biolin kontzertua izango da Arkaitz Mendoza eta Iñaki Lagosek osatutako Duo Assai-ren eskutik. Azkenik, musikari eta musikazaleen egun handia, Santa Zezilia eguna ospatzeko, hilaren 24an, Sandiusterriko aretoan musika izango da bertara hurbiltzen direnen gozagarri. Bertan izango dira Kantuz Abesbatza, Hernaniko eta inguruko txistulariak, Metal boskotea eta Kriskitiña dantza taldea.

Gazteenentzako ekitaldiak
Hilaren 6, 13 eta 20an, astearteak denak, Irakurketa Txokoa irekiko da Udal Liburutegian arratsalde partean. Miren Mendoza begiralea bertan izango da ipuinak kontatzen. Gogoratu umeak entretenitzeaz gain, asmoa gurasoak haurrei ipuinak kontatzera animatzea dela. Haurrentzako antzerki saioa ere izango da Agerre Teatroa taldearen eskutik: Haur kabareta lana eskainiko dute. Bestalde, ohikoa den bezala, Lur Korta ipuin kontalariak ume eta gazteen belarri eta irudimenak gozatuko ditu hilaren 27an, asteartean, Udal Liburutegian, adin ezberdinetako umeei zuzendutako ipuinen bidez. Aristizabal kaleko Gazte Txokoan ere badago zereginik hilabete honetan: hilaren 9an Sex-drog informazio puntua izango da; hilaren 21ean, erlajazio tailerra; 29an, berriz, sukaldaritza tailerra bazterrak gozatzeko; eta azkenik, hilaren 30ean eskalada saioa egingo dute Donostiako Pio Baroja kiroldegian.

Bestelako ekitaldiak
Mendizale amorratu eta ez hain amorratuentzat Mendizale Astea izango da hilaren hirugarren astean Mendiriz Mendi Elkarteak antolatuta, eta ia egunero izango da ekitaldiren bat. Era berean, azken asteetan Udal Liburutegian egin den saski-naski liburutegiko liburu azoka hilaren 16a arte luzatuko da. Bertan, jendeak, eskaintzen diren liburuen artean aukeratu dezake eta etxera eraman. Azkenik aipatu hileko lau ostegunetan beste hainbeste pelikula izango direla ikusgai Zine Klubaren barruan.

Osteguneko kartelera: Zine Kluba itzuli da 

OHIKOA bihurtu da jada herrian neguko zine kluba. Aurten, ordea, udazkenarekin batera etorri da, izan ere, aurten aurreratu egin da ziklo hau; beraz, azarotik aurrera, izango da zerikusia urtea bukatu bitarte.

Erreflexiorako pelikulak
Pelikulak, oro har, ohiko zirkuito komertzialetik kanpo dauden filmak izan ohi dira, erreflexiorako aukera ematen dutenak, nahiz eta, esate baterako, ziklo honetan C. Eastwood zuzendariaren pare bat pelikula izan eta honek bati baino gehiagori harridura eragin.
Hilaren 8an La vida de los otros (2006) pelikula izango da ikusgai. Zuzendaria F. Henckel-Donnersmarck alemaniarra da. Sinopsia: Berlin Ekialdean kokatua, Alemaniako Errepublika Demokratikoaren azkeneko urteetan. Pelikulan zehar testuinguru honetan polizia sekretuak intelektualei zein kontrol egiten zien erakusten da.
Hilaren 15ean Cartas desde Iwo Jima (2006) izango da, C. Eastwood zuzendariarena. Sinopsia: II. Mundu Gerran Pazifikoko irla honetan gerran parte hartutako hainbat soldadu japoniarren bizipenak eta ikuspegiak azaldu nahi dira.
Hilaren 22an Bandera de nuestros padres (2006) pelikula izango da ikusgai, hau ere, C. Eastwoodena. Sinopsia: hain zuzen ere, pelikula hau aurrekoaren kontrapuntua da, alegia, gertakari beraren gaineko Iparramerikako gizartearen ikuspegia azaleratu nahi du. Zuzendari berarenak eta gai beraren ingurukoak izanik, komeni da bi pelikulak ikustea.
Azkenik, hilaren 29an, Bajo las estrellas (2007) pelikula izango da, F. Viscarret zuzendari nafarrarena eta Fernando Aranbururen El trompetista del Utopía nobelan oinarritua. Aktoreak, berriz, Alberto San Juan protagonista eta Emma Suarez, besteak beste.  Gaiari dagokionez, aurreko pelikuletatik urruntzen da.
Madrilen bizi den pertsonai zelebre baten bilakera erakusten digu, bizitzaren gora-beherak medio, bere jaioterrira, Lizarrara, itzultzen denean. Azpitituloa honakoa du: ´Guztiok merezi dugu bigarren aukera bat`; hortik atera kontuak.

Asteroko zita
Ostegunero izango da zita Biterin, 21:30etan.  Sarrera, berriz, patrika ez  larrutzeko modukoa, 3 euro. Hori bai, bertaratu nahi duenak arin samar ibili beharko du aurreko urteetako balorazioak ikusirik.
Litekeena da ziklo hau urtarriletik aurrera ere luzatzea.

Azaroko kultur eskeintza

Azaroak 6, 13, 20
Irakurketa txokoa. 
Udal Liburutegian, 17:30etan

Azaroak 8, 15, 22, 29
Zine kluba. Biterin, 21.30etan
Hilak 8; La vida de los otros
Hilak 15; Cartas desde Iwo Jima
Hilak 22; Bandera de nuestros padres
Hilak 29; Bajo las estrellas

Azaroak 10
Kalez Kale Kantari.
Plaza Berritik, 12:00etan

Azaroak 12-16
Mendizaleen astea.
Biteri Kultur Etxean, 19:30etan

Azaroak 16
´Saski-Naski` liburutegiko liburu azokaren amaiera. Udal Liburutegian, 10:30-13:00 / 16:00-20:00 (lar. 10:00-13:00)

Azaroak 18
Hernaniko Albokarien XIV. Topaketa.

Azaroak 22
Hernani Musika Eskola Publikoko ikasleen kontzertua. Sandiusterrin, 18:00etan

Azaroak 23
Piano eta biolin kontzertua. Sandiusterrin, 19:30etan

Azaroak 24
Haur kabareta, haurrentzako
antzerkia. Biterin,11:00etan.

Azaroak 24
Santa Zezilia kontzertua.  Sandiusterrin, 19:00etan

Azaroak 27
Ipuin kontaketa.  Udal liburutegian, 17:30etan (3/4 urte) 18:00 (5/7 urte)

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!