Bozeramale batzordeak lau puntuko idatzian salatu du «kale borrokara itzuli izana»

Kronika - Erredakzioa 2007ko aza. 1a, 01:00

Bozeramale batzordea bildu zen atzo Hernaniko Udalean eta lau puntuko idatzia onartu zuen, ´azken asteetan hernaniarrok sufritzen ari garen kale borroka piztualdia` salatzeko. EAE-ANV alderdia ez zen bozeramale batzordean izan, eta gainerako alderdiek onartu zuten idatzia. Batzordea itxia izan zen, eta bukaeran Jose Ramon Chicak irakurri zuen onartutako idatzia. Onartutako lau puntuetatik hiru aho batez onartu zituzten, baina bat EBren abstentzioarekin onartu zen. Onartutako idatzia Idatziak honakoa dio, batetik: ´joan den asteburuan gure herriak jasandako eraso gogorren aurrean, Bozeramale batzordeak salatu nahi du sufritzen ari garen kale borroka piztualdia`. Bestetik, ´hernaniarrei azaldu nahi diegu gure inplikazioa bakea eta elkarbizitza lortzeko, elkarrizketa bidez`. Hirugarren puntuak dio, ´lanean jarraituko dugu sortu ditugun foroetan, bertan ideia guztiek baitaukate lekua eta bertan hitza baita bakea lortzeko balio duen instrumentu bakarra`. EBk hirugarren puntua aldatzeko eskatu zuen, baina ez zuen adostasunik lortu eta zegoen bezala, bere horretan, onartu zen.

Ezker Batua: «Kale borrokak eta Alderdien Legeak elkar elikatzen dute»
EZKER Batua alderdiak kontra bozkatu zuen, atzo, Bozeramale batzordean onartutako hirugarren puntuan. EBk eskatu zuen hirugarren puntuari esaldi bat gehitzeko,  Alderdien Legea bertan behera uzteko eskatzen zuena.  Testu hau erantsita hirugarren puntua berriro ere bozkatu zen eta ez zen aurrera atera, PPk eta PSOEk kontra bozkatu baitzuten eta EAJ-PNV eta EA abstenitu egin baitziren.
Ezker Batuak prentsara bidalitako ohar baten bidez azaldu du Bozeramale batzordean onartutako 3garren puntu horren aurka dagoela: ´gure ustez Alderdien Legea oztopoa da elkarbizitza demokratikorako, elkarrizketarako eta bakea lortzeko`. Horrekin batera oharrak dio asteburu honetan argi geratu dela ´kale borrokak eta Alderdien Legeak elkar elikatzen` dutela. Bukatzeko honakoa adierazi dute: ´Ezker Batuak bere konpromisoa azaldu nahi du elkarbizitza bultzatzeko, eta pertsona guztien ideiak eta giza eskubideen errespetua defendatzeko`.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!