Haloween gaua gaur Donostiako Beldurrezko Astean

Kronika - Erredakzioa 2007ko urr. 31a, 01:00

GAUR izango da seguraski Beldurrezko Astearen egun garrantzitsuenetariko bat, eta horregatik Astearen antolatzaileek urre bitxiez beteriko programazioa prestatu dute. Arratsaldeko 17:00etan, esaterako Koreatik ekarritako Gidam izugarria ikusteko aukera izango dugu. Historia eta hilketak nahasten dituen film hou Jung Anaien lehena izateaz gain, aurtengo Zinemaldian izan genuen ikusgai Zabaltegi Sailean. Arratsaldeko 19:45etan ordea Rob Zombie zinegilearen (La casa de los 1.000 cadáveres, Los renegados del diablo) Halloween klasikoaren berrikuspena izango dugu ikusgai. Gaueko programazioari hasiera emateko eta Morsure laburmetraiaren atzetik, Teeth Michell Linchtensteinen filma daukagu. Eta bukatzeko, 00:30tik aurrera, Halloween Gauak bi laburmetrai eta bi luzemetraiez osatutako gau beldurgarria dakarkigu. Gauari hasiera emateko I the wall eta The cat and claudia laburmetraiak programatu dituzte. Horiek dastatu ondoren, Asteko film erakargarrienetariko bat ikusteko aukera izango dugu: Frontière(s), Xavier Gens-ek zuzendutakoa hain zuzen. Gauari behar bezalako amaiera emateko, Troma faktoriaren azkena: Poultrygeist: night of the chicken dead. On dizuela.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!