Asteburuko gertakarien inguruko mozioa onartu zen atzo, oposiziorik gabeko Plenoan

Kronika - Erredakzioa 2007ko urr. 30a, 01:00

URGENTZIAZKO plenoa izan zen atzo, herritar talde batek eskatuta. Izan ere, herritar talde horrek asteburuan izandako gertakarien inguruko mozioa aurkeztu zuen atzo goizean, Udalak bere babesa eman zezan. Plenora Gobernu Taldeko kideak besterik ez ziren joan eta herritarrek aurkeztutako mozioa onartu egin zen. Oposizioko alderdiak ez ziren plenoan izan, mozioak Bozeramaile Batzordean aztertu behar direla argudiatuta. Bozeramaile Batzordea asteazkenerako deitu dute, biharko. Plenoan Marian Beitialarrangoitia Alkateak kezka adierazi zuen asteburuko gertakarien inguruan: ´biolentzia espresio guztiek kezkatzen gaituzten modu berean, denak gainditzeko lan egiteko konpromisoa berretsi nahi dugu. Gure kezka ostegunean hasi zen, Ertzaintzak astebururako ze asmo zuen jakinarazi zigun unean, eta asteburua pasata ez da baretu. Bizi dugun egoera nahasia gainditzeko, egoera bere osotasunean begiratu behar da, ikuspegi partzialak gainditzen ez badira ez baitugu egoera gainditzeko modurik. Asteburuko gertakariek kezkatzen gaituzte, bai baina nork atera du auzia kalera? 20 urtez, udalean edozein kolore nagusi zela ere, egin izan den omenaldia zergatik debekatu dute orain? ANV udalean zelako? Bestalde, El Mundo egunkarian Udala larunbateko ekitaldiaren antolatzaile jarri izana salatu du Gobernu Taldeak eta zuzenketa eskatuko duela iragarri zuen. Oposizioko taldeak plenora joan ez izana ´tamalgarritzat` jo zuen Alkateak. Pleno amaieran, Txema Mercado, EB-Berdeak alderdiko kideak, Alkateari autobusa erre izanaren aurrean ezer gehiago esan behar ez ote zuen galdetu zion. Alkateak esandakoa berretsi zuen. Eztabaidan larunbateko istiluetan zauritutako herritar batek galdetu zuen Ertzaintzaren karga ez ote den biolentzia.

Atzo plenoan onartutako mozioa, herritar talde
batek aurkeztutakoa:

´Pasa den larunbatean izandako okupazio poliziala eta herritarron kontrako jazarpen bortitza dela eta, urgentziazko osoko bilkura bat eskatzen dugu honako puntu hauek aztertzeko.
1) 20 urte baino gehiagotan arazorik gabe egin izan den errepresioak hildakoei omenaldia deitua zegoen egun horretarako. Hildakoen artean, gainera, Eusko Jaurlaritzak berak biktima bezala onartutakoak izanda, Herrizaingo Sailak berau debekatzeko erabilitako arrazoiak ez dutela inolako zentzurik eta adierazpen askatasunaren eta oroimen kolektiboaren aurkako eraso larria direla deritzogu.
2) Egun osoko jazarpen poliziala salatu nahi dugu. Indar polizialek ez zuten eskubiderik, egun guztian zehar herria beldurrarazten ibiltzeko. Ezta ere bidean aurkitzen zituzten ikurriña oro eraman eta hernaniar hildakoen argazkiak kentzeko.
3) Herri adierazpena zapaldu nahian Ertzaintzak erabilitako proportzio eza. Kantuan eta ikurriñekin zebilen herri baten aurka oldartu zen, zaurituak eta baita atxilotuak eraginez.
4) Atxiloketa guztiz arbitrarioak eta arrazoi gabeak egitea ere salatu nahi dugu. Atxilotu hauen diligentziak Auzitegi Nazionalera bidaltzeak ez du inolako justifikaziorik, mendekua ez bada.

Udal korporazioak idatzi honekin bat egitea eskatzen dugu`.

Oposizioak (PSE-EE, EAJ-PNV, EA, EB-Berdeak-Aralar eta PP) prentsara bidalitako komunikatua:

´Hernaniko Udaletxeko PSE-EE (PSOE), EAJ-PNV, EA, EB-Berdeak-Aralar eta PPk zera adierazi nahi dugu, urgentziazko plenoa deitu izanaren aurrean, eta herritar talde batek asteburuko gertakarien inguruan aurkeztutako eta EAE-ANVk aurkeztutako mozioa dela eta:
1) Udalak lasaitasunez baloratu behar ditu asteburuan izandako gertakari larriak.
2) Uste dugu mota guztietako mozioak tratatzeko gune egokia Bozeramaile Batzordea dela.
3) Uste dugu mozio politikoak plenoetan tratatzeak ez duela hernaniarren elkarbizitza hobetzen laguntzen.
Hau dela eta, honakoa erabaki dugu komunikatu honekin bat egiten dugun alderdiok:
1) Urriaren 29rako deitutako Urgentziazko plenora ez joatea.
2)Bozeramaile Batzordea dei-tzea urriaren 31rako. Bertan asteburuan izandako gertakariak aztertuko dira, eta baita herritarrek aurkeztutako eskaerak ere.`

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!