Fantasia eta beldurrezko XVIII. astearen gida txikia

Kronika - Erredakzioa 2007ko urr. 28a, 02:00

Datorren larunbata arte iraungo duen fantasia eta beldurraren jaian mota desberdineko zinea gozatzeaz gain, antzerkia edota erakusketak dastatzeko aukera ere izango dugu.

Xabier Erdozia ´Lou´

Donostiako Astea, Europan zinema fantastikoari eskaintzen zaion zinemaldi garrantzitsuenetariko bat dela beldurrik gabe esan beharra dago. Poliki baina eten gabe, Terrorezko Astea zinemaldi txiki bat izatetik mundu osoan erreferentzi bat izatera pasa da, bidean bere izaera galdu gabe. Eta hori ez da gauza makala. Aurten ere programazio txukuna aurkeztu digute Astearen antolatzaileek, bertan klasikoak, filme berri interesgarriak, funtsezko sailak, garrantzizko erakusketak eta maila handiko laburmetraiak bildu baitituzte. Goazen hori guztiaren zeozer aipatzera.

CUENTOS DE TERRAMAR Marrazki bizidunezko filmeak lekua dute urtero bezala Terrorezko Astean. Aurten ere luxuzko adibideak ditugu. Veneziako Mostraren Sail Ofizialean lehian izandako filme honek Hayao Miyazaki maisuak (Porco Rosso, El viaje de Chihiro, La princesa Mononoke) zuzentzeko enkargua jaso zuen. Garai hartan Miyazakik `El castillo ambulante `zoragarrian lanean zegoela kontuan hartuz, bere semeak hartu behar izan zuen bere gain filmea gauzatzeko lana. Ghibli estudioaren babespean zuzendu du bere lehen filmea Goro Miyazakik, eta bere aitaren urre bitxien mailara ez ailegatu arren, dragoiez beteriko filme hau nabaria da. Aitaren eragina garbia bada ere, Brueghel edota Claude Lorrain pintoreenak ere nabaria da. Ikusi beharrekoa.

EL DIARIO DE LOS MUERTOS Terrorezko Asteak 70 hamarkadako beldurrezko zineari eskaintzen dion sailean `La noche de los muertos vivientes` klasiko izugarria dastatzeko aukerarekin batera George A. Romero maisuaren azken filmearekin gozatzerik izango dugu. Badaramazki Romerok urte batzuk berak hasitako zombien filme generoari beste ikuspegi bat eman nahiean. Zinegile gazteek bere filmeak abiapuntu moduan erabiltzen dituzten bitartean (Zack Snyder, Juan Carlos Fresnadillo, Jaume Balagueró, Paco Plaza) Romero leku ezezagunetara eraman nahian dabil zombien pelikula generoa. Bere azken filmean egoera politikoarekin kritikoa izatearen beharra nabaria bazen ere, oraingoan Romerok zombiak erabiltzen ditu Estatu Batuetako egoera tamalgarria aztertzeko eta, era berean, zinemari buruzko gogoeta gauzatzeko. Sitgeseko zinemaldian txalotua izan zen.

GIDAM / EPITAPH Azken urteotan terrorezko filme originalenak Asiatik etorri zaizkigula esatea egia hutsa da. Eta Takashi Shimizu edota Hideo Nakata zinegileen bidetik abiatu dira Jung Anaiak `Gidam / Epitaph` aurrera eramateko. Karakolez beteriko filme honek liluratzeko moduko gidoia du, edertasuna eta biolentzia ezin hobeto nahasten ditu eta generoak beldurrik gabe nahastu daitezkela adierazten du. Eta emaitza zoragarria hemen dugu. Terrorezko zine korearraren adibide liluragarria, `Gidam` filmeak Koreako historia irakasten digu guk dardarka disfrutatzen dugun bitartean. Jung anaiak bere filmea aurkeztu zuten joan zen hilean Donostiako Zinemaldian, eta Mikio Narusen filmeak kontuan izan zituztela Gidam egiteko orduan esan zidaten. Maisu japoniarraren lana eta Shimizu, Nakata edota Pang anaien artean kokatu beharrean gaude Jung Anaien lehenengo filme hau.

FRONTIÈRE(S)/À L´INTERIEUR Iaz `Ils` filmeak aho zabalik utzi gintuen. Aurten Xavier Gensen filmea eta `À l´interieur` filmeak datoz Frantziatik gu liluratuta uzteko xedez. Sitgesen ikusitako filme sendoenen artean kokatu dituzte adituek, eta horregatik ohorezko lekua betetzen dute aurtengo Astean. Lehendabiziko filmean Frantziako egoera politikoa erabiltzen du Xavier Gensek beldurrezko filme sendoa eratzeko eta, era berean, Frantzian eskubiko alderdiek jasan dituen bultzada salatzeko. `À l´interieur` filmean berriz `Jeepers Creepers`, `Calvaire` edota `Halloween` filmeen eragina somatzen da. Julien Maury eta Alexandre Bustillok ipuin makabro baten antzera osatu nahi izan omen dute bere filmea. Eta baita lortu ere.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!