«Errazagoa egin zait esperientzia pertsonaletan oinarritutako nobelak idaztea»

Kronika - Erredakzioa 2007ko urr. 28a, 02:00

Chevrolet tropikala nobelarekin itzuli da Rafa Egiguren (Hernani 1948) liburu dendetako nobedadeen apaletara. Migel Salaberria iruñarraren Habanako ibilerak kontatu ditu Susa argitaletxeak plazaratu duen obra berrian. 1992. urtean kokatu du istorioa, Ernesto Che Guevararen heriotzaren 25. urteurrenean. Efemeride hori dela-eta, Iruñeko lagunak Cheren omenezko erakusketa antolatzen ari dira, eta laguntza eskatuko diote gure Habanako gizonari. Liburuaren nondik norakoez hitz egin du Egigurenek Kronikarekin, bide batez bere ibilbidea errepasatuz.

Gorka Bereziartua

Habanako kaleetan girotu duzu nobela. Arrazoi bereziren bat bada horretarako? Kubako iraultza oso hurbil sentitu du gure belaunaldiak. Oraindik galtza motzetan genbiltzanean egin zuten erreboluzioa; oso gertua zen, ulertzen genuen, erdaraz zelako. Iraultzaileek esaten zutena ulertzen genuen, beste iraultzekin gertatzen ez zena. Itxura bera ere bai: nik uste ordura arte ez zela bizarrik ikusten hemen, kubatarrek garaitu zutenean hasi zen joera hori. Desiratzen geunden bizarra hazten hasteko. Hamar-hamaika urte izango genituen iraultza egin zenean; igual momentuan ez ginen hainbeste enteratu, baina handik urte batzuetara bai.

Eta, bestalde, Kuba ezagutzea ere tokatu zait. Hiru bidaia egin ditut Kubara. Ezkerrean hezitakoa naiz eta hara joateko desiratzen nengoen. Ahal izan nuenean, nagusitan, turismo bidaia bat egin nuen, nahiko zozoa. Gero beste bi aukera izan ditut: exiliatu hernaniar bat bazegoen han, Joxe Mari Larretxea, eta ni bere anaiaren laguna naiz. Pribilegioa izan zen hara joan eta bere lagun kubatarrekin egotea. Hura ezagutzeko beste modu bat izan zen. Eta hirugarrena, nik uste 1990ean edo horrela, espedizio kultural bat izan zen. Hemendik hainbat jende bildu ginen: Ruper Ordorika, Hertzainak, Mikel Laboa, Bernardo Atxaga, Jose Luis Zumeta... eta nik ere muturra sartu nuen eta han ibili nintzen. Habana modu ofizialagoan ezagutu genuen. Esperientziak pilatzen dituzu, apunteak hartu, oroitzapenak gorde... Eta esan nuen: ´Hemen badago nobela bat egiteko adina`.

Liburuak badu autobiografiatik beraz.

Nobela guztiak autobiografia diren neurrian. Nire ustez nobelak irudimenetik filtratutako oroitzapenak dira. Oroitzapenak dira adreiluak, baina egiten dituzu desitxuratu, distortsionatu, aldatu, tolestu... Azpian daude oroitzapenak, baina askotan ez dira zureak ere. Beste batenak izaten dira, kontatuak-edo. Material horrekin idazten duzu, baina beti trama baten eta fikzio baten zerbitzuan. Autobiografiarena komatxo artean jarri behar da.

Protagonista Migel Salaberria nafarra da. Ukitu naïf-a antzematen zaio; kontrastean berriz, kubatarren pikareska dago.

Migel inozente antzean dijoa hara, zer datorren ikustera. Eta besteak oso ikasita daude beren ohituretan. Pixkanaka postura hartzen joaten da gauzen aurrean. Jendeari hitz egiten uzten dio, ez du uzten engaina dezaten erabat, baina badaki non dagoen eta pribilegio batzuekin dijoala hara.

Barruan literatur lan ugariren aipamenak biltzen dituen nobela da. Boris Pasternak aipatzen da, Bertold Brecht ere bai...

Egia da erreferentzia asko daudela. Horrela atera zait, ez dut behartu. Liburuak sei ardatz ditu eta bat teatroarena da. Horrekin nobelaren egituran islatu nahi izan ditut Brecht-ek egitura teatralean egindako aurkikuntzak. Ez dakit nabaritzen den. Aprobetxatu egin dut protagonistak prestatu behar duen ikastaroa aurkikuntza horiek lau pelikularen bitartez azaltzeko. Eta hor agertzen dira Aristoteles, Castelvetro, Antolin Artaud, Brecht, Akira Kurosawa... Pasternaken ideia, hain zuzen ere Italo Calvinoren bitartez hartutakoa, interesatzen zitzaidan. Iraultzaren ideia espontaneoa, eutsi ezin zaion hasperen bat bezala lehertzen dena. Iraultzaren alderdi positiboa eman nahi izan dut. Ez zait gustatzen ari nola ari diren gelditzen garai batean egindako iraultzak, baina oraindik ez dut etsi. Nik uste dut aldaketa sakonak behar direla.

Pesimismoa ere badago ordea, Arsenio izeneko pertsonaiak esaten duenean ´Aún no veo aquel hombre nuevo que dihera el Che` (´Oraindik ez dut ikusten Chek aipatzen zuen gizon berri hura`).

Baina Arseniok, era berean, definitzen ditu alderdi batzuk, egunen batean, gauzak aldatzen badira, nola aldatu beharko liratekeen esateko. Egia da asko lortu zela, asko galdu dela eta gauzak deterioratu egiten direla. Baina gelditzen dira hondakin batzuk eta ari dira sortzen beste ideia erradikal eta interesgarri batzuk aurrera eramateko.

Erreferentzia literarioetara itzuliz, Graham Greene-en Gure gizona Habanan nobelaren oihartzuna ere badu liburuak.

Nahiago nuke. Ni oso Graham Greene zalea naiz eta Gure gizona Habanan ikaragarri gustatu zitzaidan. Hori Batistaren diktadura garaian dago kokatua. Graham Greenek nobela horri izen hori eman ez balio, nik jarriko nion neureari. Baina bueno, Greene... chapeau! Ni amateur bat naiz. Haren izenaz gogoratzea bakarrik laudorioa da niretzat.

Koldo Izagirrek, zure poesiaz  esan zuen jostailuz betetako mundua erakusten zuela. Chevrolet tropikala honetan ere objektuek garrantzia dute: Migelen erlojua, terminologoaren liburua edo Cheren txapela besteak beste. Pieza txikiak josiz idazten al duzu?

Koldok hori jarri zidanean niretzat berria izan zen. Ez nintzen kontziente. Banekien objektuak zeudela, baina ez nuen ezaugarri modura hartzen. Eta orain berriz ere gauza bera esan didate, eta ez nintzen kontziente. Egia da adar bakoitzean badaudela hiru edo lau gauza, eta ez dakit zergatik den.
Batzuk esaten didate ´zure nobeletan ez da gauzarik gertatzen`. Eta egia da. Gainera ez zaizkit gustatzen hilketak, amodio pasionalak... esajerazioak iruditzen zaizkit. Iruditzen zait eguneroko bizitzak badituela bere xarmak. Hilketek eta horrelako gauzek nobela bateko ekintza asko lotzen dute, eta pentsatzen dut, agian nik baliatzen ditudala objektu horiek, nahi gabe, istorioa lotzeko. Baina hori a posteriori esaten dut.

Euskarazko nobela da, baina kubatarren esanak gaztelaniaz eman dituzu. Errealismoagatik izan da?

Erabaki pragmatikoa izan zen. Nik liburu hau egin baino lehen, hil zen lagun baten nobela baten itzulpena eta berrantolatzea egin nuen, Jose Ramon Goikoetxea Ardotxiren Mentxakaren aitorpena. Laguna nintzen, lotura handia nuen berarekin.
Horretan ekintza komisaria batean gertatzen zen, eta niri Guardia Zibilak euskaraz hizketan jartzea oso naturala egiten zait, hori gure barruan sartuta daukagu. Baina hasi nintzen kubatarrak euskaraz hitz egiten jartzen eta arrotza egiten zitzaidan, segur asko nire inkapazitateagatik. Gainera hango hizkuntza ez da bakarrik gaztelera, kubera da. Esapide batzuk ditu, kolore batzuk, paisaia... konnotazio batzuk ematen ditu. Gero saiatu nintzen hori limatzen eta kentzen... Zer edo zer kendu nuen, baina gutxi. Eta esan nuen, ´horrela eramango dut argitaletxera eta debatea sortzen bada, aldatuko dut`. Baina problemarik gabe pasatu da.
Eta gertatzen da, hiru milioi euskal herritar bagaude eta irakurle posibleak horietako berrehun mila edo gutxiago badira, %90-ek segur asko gaztelaniaz badakitela. Badakit ez dela soluzio perfektua, baina nobela hau garai honetan atera zait eta horrela erantzun diot.

1992. urtera garamatza liburuak. Ernesto Guevararen heriotzaren 25. urteurrena da.

Garai batean kokatu behar nuen eta urte hori interesantea iruditu zitzaidan: alde batetik Cheren heriotzaren 25. urteurrena, bestetik Espainiak Amerika konkistatu zueneko 500. urteurrena eta gainera Sobiet Batasunean gertatzen ari zena, Bosniako gerra... Niri Cherena eta konkistarena lotzea interesatzen zitzaidan. Urte hartan Amerikaren deskubrimentuarena magnifikatu egin zuten eta Guevararena azpian geratu zen, ez inkontzienteki. Horregatik egiten dut Cheren aldarrikapena.

Ez da aurreneko aldia atzerrira begira jarri zarena: Ilargia putzuan ageri nobela Txinan kokatu zenuen eta Mandarin dotore liburu-diskoko testuen itzulpena ere zerorrek egin zenuen txineratik. Munduko idazletzat duzu zure burua?

Nik uste euskaldunak mundukoak garela beste edozein lekutakoak bezala. Gainera ez da erraza hemengoaz idaztea momentu honetan; nik uste dut idatziko dudala, baina errazagoa egin zait esperientzia pertsonalean oinarritutako nobelak eta hainbeste konpromiso gabekoak idaztea. Baina desiratzen nago. Denbora izango banu idatziko nuke. Geroz eta errazagoa egiten zait honi buruzko erreflexioak egitea. Badakit zenbait gauza nahi gabe saihesten ditugula, baina uste dut egoerak hobera egin duela. Mentxakaren aitorpena hor dago esate baterako.

1990etik ez zenuen libururik argitaratu. Lanak denbora asko jaten al dizu?

Bai, dudarik gabe. Txinatik etorri, aurreko nobela bukatu eta honekin hasi nintzen. Baina egunero zazpi-zortzi ordu lan egiten ditut eta alaba izan genuen gainera. Lau bider haundiagoa zen nik pentsatuta neukan nobela, hau parte bat bakarrik zen. Gero konturatu nintzen ez nintzela gai hori dena dominatzeko eta urte asko pasata erabaki nuen puska bat hartu eta bere horretan argitaratzea. Gero gerokoak. Ikusiko dugu beste zatietatik zer edo zer ateratzen den. Batzuk ofizio gehiago daukate, baina ni autodidakta naiz erabat.

Dena dela, letren inguruan ari zara aspaldidanik. 1960ko hamarkadan, oso gazte zinela Zeruko Argian idazten zenuen.

Hasieran bai, bide horretatik hasi ginen. Gu Santo Tomas Lizeoko lehenbiziko belaunaldia izan ginen. Ni bigarren batxilergoan sartu nintzen, hamaika-hamabi urte izango genituen. Zortea izan genuen: Rikardo Arregirekin topo egin genuen, Ramon Saizarbitoriarekin... jende oso interesantea. Baina gero hemezortzi-hemeretzirekin bukatu ziren literatura eta kultura, eta politikaren tunelean sartu ginen urte askotarako. Hogeita hamar urte beteta atera nintzen politikaren tuneletik. Orduan berriz ere errekuperatu egiten duzu.
Zeruko Argiaren garaian justu-justu artikulu labur batzuk idazteko adina nekien euskeraz. Gero hogeita hamar urtetik aurrera alfabetatu, irakasle bihurtu... prozesu guztia egin nuen. Politikaren zulotik ateratzean poesia idatzi nuen, eta lehenengo nobela berrogeita bat urterekin-edo idatzi nuela uste dut.

Harrobi ona izan zen Zeruko Argiako Gazte naiz atal hura.

Urte haietan oso suerte handia izan genuen. Ramon Saizarbitoriak gehien bat, baina baita Ibon Sarasolak, Mari Karmen Garmendiak eta beste batzuek, Gazte naiz sekzio hori egin zuten. Rikardo Arregik berriz, Nazioarteko unea saila egiten zuen. Gogoratzen naiz Rikardo Arregi Alderdi Ederrera etortzen zitzaigula makuto batekin Joxemi Zumalaberi, Antton Santamariari eta niri, Nouvel Observateur batzuk banatzen zituen eta artikuluak Zeruko Argian ateratzeko fusilatzera!
Gazte naizen Ramonek-eta egiten zituzten artikuluak, eta guri sekzio txiki bat egin ziguten azpian, Hemen gazteagoak. Lau edo bost hasi ginen han idazten: Joxemi, Antton Santamaria, Amaia Lasa...

Orduan euskeraz zegoen aldizkari bakarra izango zen.

Besterik ez zegoen. Zeruko Argia fraide kaputxinoena zen, eta hor sartu ziren Ramon-eta saltseatzera. Utzi egin ziguten eskua sartzen.

Debekuaren mehatxua ere ez zen urruti ibiliko.

Gogoratzen dut Santo Tomas egunean aldizkaria saltzera joanda atxilotu egin gintuztela. Bi harrapatu gintuzten, Tomas Arozena eta ni. Galdezka aritu zitzaizkigun, zer zen banatzen ari ginen hori-eta. Hamazazpi urte izango genituen.

Adin horrekin eta horrelako tragoak pasa behar.

Gu oso seguru geunden. Tomasek aurrekoan esan zidan, ni ez nintzen gogoratzen: ´Hi gogoratzen haiz? Hiri izena galdetu eta esan hien ez hiela emango!`.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!