Arkema enpresako (lehengo Atofina) teknikariak Udaletxean izango dira bihar eta etzi goizean, herritarrei enpresari buruzko galderak erantzuten. Eusko Jaurlaritzak eskatuta, katalogazioaren arabera arriskutsuak izan daitezkeen enpresek Ingurumeneko Baimen Integratua berritu behar izan dute aurten, eta horretarako proiektu bat presentatu behar izan dute. Proiektu hori Jaurlaritzak onartu ahala udaletan jarriko dute hilabete batez, herritarren eskura, eta epe horren barruan bi egunez teknikoak udaletxean egongo dira, galderak eta kezkak erantzuten. Hernaniko 10 enpresa daude hor sartuta, eta dagoeneko bi (AMR Refractarios eta Electroquimica de Hernani) izan dira udaletxean, azalpenak ematen. Bihar eta etzi Arkemaren txanda izango da, eta datozen asteetan beste enpresak ere pasako dira.
Baimena 8 urtez behin berritu behar dute
Orain lortu duten baimena zortzi urtez behin berritu behar dute enpresek, eta baldintzak bastante zorroztu zaizkie, Hernaniko Ingurugiro Batzordetik Kronikari esan diotenez. Esan bezala, oraingoz Jaurlaritzak 3 enpresari onartu dizkie euren proiektuak, eta ikusgai daude udaletxean, nahi duenarentzat, hilabetez. Interesa dutenek udaletxeko 4garren pisura joan behar dute, Hirigintzako bulegoetara.
Orain arteko herritarren kezkak eta galderak
Joan den astelehen eta asteartean AMR Refractarios eta Electroquimica de Hernani enpresetako teknikariak izan ziren udaletxean, eta herritarren galderei erantzun zieten, gutxi izan baziren ere. Bertara joan ziren herritarren kezka nagusiak ziren: enpresa horiek zer isurketa izan ditzaketen, eta luzera begira zer eragin izan ditzaketen osasunean isurketa horiek. Seguritate sistemak zein diren ere galdetu zieten azaldutako herritarrek. Teknikariek erantzun zieten, azken urteetan ez dela izan emisio haundirik eta seguritate planak gaur egun ziurtatzen duela horrelakorik ez izatea. Bestalde, larrialdi planak ere badituzte SOS Deiak, Suhiltzaileak eta Ertzaintzarekin elkarlanean.
Hernanin 10 enpresa
Hernanin 10 enpresa daude katalogazioz arriskutsu izan daitezkeenak: AMR Refractarios (zaharra eta berria), Electroquimica de Hernani, Arkema, Industrias Seur, Selak, Hexion (lehengo Bakelite), Celulosas de Hernani, Orona, Zikuñaga papelera eta UBIS.