«Arkema enpresa, ingurugiro aldetik, Europatik etortzen diren neurrien barruan dago»

Kronika - Erredakzioa 2007ko urr. 31a, 01:00

epelen dagoen Arkema enpresako (lehen Atofina) teknikariak izan ziren atzo eta herenegun Udaletxean. Jaurlaritzak arriskutsuak izan daitezkeen enpresei proiektu bat eginarazten die, Ingurumeneko Baimen Integratua izena duena. Proiektu honetan biltzen dira enpresak ingurumenean izan ditzakeen ondorioei buruzko alderdi ezberdinak: emisioak, lurraren kutsadura, zarata, atmosfera, isurketak eta abar. Proiektua aurrera ateratzeko tramite bat da erakusketa publikoan jartzea eta hori dela eta izan dira egun hauetan teknikariak udaletxean.

Teknologia
Bi teknikariek azaldutakoaren arabera,Arkema enpresa Europatik etortzen diren limitazio guztien barruan dago, hau da, araututako kopuruen barruan. Horrez gain, azaldutakoaren arabera, enpresa sektore bakoitzak zerrendatuak ditu zenbait teknologia berri, ingurumenean izan dezaketen eragina gutxitzen laguntzen dutenak. Jon Ezkerrak azaldu du, teknologia hauetan dirua inbertitu egin behar dela eta kasu batzutan teknologia hauek ez dutela bat egiten enpresako produkzio sistemarekin. Arkemaren kasuan, azaldu dunez, teknologia hau %100ean aplikatzen da. Azterketa honen berezitasuna da, arriskutsu bezala katalogatutako enpresa hauek, ingurumenean izan dezaketen eragina txosten bakarrean biltzen duela. Hasi berriak diren arriskuko enpresetan, beraz, dokumentu bakarraren bidez egiten da segimendua. Jon Ezkerrak azaldu du, Arkemak lehenagotik ere betetzen zituela baldintza hauek. Hala ere, zortzi urtean behin proiektu hau egin behar dute, segimendua egiten jarraitzeko.

Osasunean eragina
Arkema enpresak botatzen dituen gaiengatik galdetuta, Jon Ezkerrak errekuntza edo konbustioaren ondorioz sortzen diren gaiak, binilo kloruroa eta hautsa aipatu ditu, baina argi utzi du Europako kontrol mugen barruan daudela. Isurketen inguruko azalpenak ere eman ditu Arkemako teknikariak. Azaldutakoaren arabera, badira 20 urte ez dela Urumea ibaira isurketarik egiten. Arkeman bertan depuradora txiki bat dute eta han isurkinak depuratzen dira Loiolako depuradora edo EDAR-era eraman aurretik. Gai hauek osasunean izan dezaketen eraginagatik galdetuta, Ezkerrak dio langileen osasunean kontrola egiten dela eta gai hauek ondorio kaltegarriak ez sortzeko baremoen barruan daudela. Inguruko bizilagunengan izan dezaketen eragina aldiz, langileengan izan dezakeen eragina baina 30 aldiz txikiagoa dela aipatu du.

Guztira 10 enpresa
Hernanin 10 dira arriskutsu bezala katalogatutako enpresak: AMR, Electroquimica de Hernani, Arkema, Industrias Seur, Selak, Hexion, Celulosas de Hernani, Orona, Zikuñaga papelera eta Ubis. Dagoeneko AMR, Electroquímica eta Arkema izan dira udaletxean, datorren asteetan beste enpresetako teknikariak ere izango dira galderak erantzuteko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!