LEHENENGO jardunaldian Gernikak garaipena eraman zuen Landaretik eta horrek min eman zien hernaniarrei, orain artean Landare ia ia gaindiezineko zelaia bai zen bisitarientzat. HCREkoek argi daukate horrek horrela behar duela izan aurten ere denboraldi ona borobildu nahi badute eta horretarako lehenengo pausua eman nahi dute bihar eguerdiko 12:00etatik aurrera Oviedori irabazita.
Partidu bat irabazi eta bestea galdu
Antzeko egoeran irtengo dira bi taldeak bihar Landareko zelaira. Bai batak eta bai besteak orain artean jokatutako bi partiduetatik bat irabazi eta bestea galdu egin baitute. Hala ere Hernanik puntu bat gehiago du sailkapenean, bonusak direla eta. Oviedok atzekaldean ditu arazoak eta hori aprobetxatu beharko dute hernaniarrek. Oviedok bi partiduetan 81 puntu jaso ditu aurka eta kanpotik ikusita behintzat horrek gehiegi dirudi.
Hernanik partidu orekatuak
Etxekoei dagokionez, orain artean jokatutako bi partiduak oso gogorrak eta orekatuak izan dira. Lehenengoa kontrako markagailuarekin amaitu zen, baina bigarrengoa alde atera zen Vigon. Biharko partidua ere gogorra espero da eta Hernanirentzat oso garrantzitsua izango da, argiago erakutsiko baitu aurten zein borrokatan ibili beharko duten. Irabazi ezkero goiko postuetan sartuko dira lehenengo partiduko irristada ahaztuta eta hori da biharko helburua. Biharko ere, zaleek beti eskaintzen dioten laguntza eskatu du taldeak eta deia luzatu die Landarera hurbiltzeko eguerdiko 12:00etatik aurrera.