Askatasuna erakundeak bi astean behin Hernaniko preso politikoen egoeraren berri ematen du, atal honetan. Gaurkoan Urtzi Gartziaren egoeraren berri eman du.
Irailaren 24an atxilotua
Urtzi Gartzia irailaren 24an atxilotu zuen Frantziako Poliziak, Askatasunak salatu duenez, ´izugarrizko muntaia eraman zuen poliziak aurrera ipar Euskal Herrian. 17 pertsona atxilotzeko 200 poliziatik gora izan ziren. Atxilotuen artean zen Urtzi Gartzia Montero, Donibane Garazin bizi eta lan egiten zuen hernaniarra`. Askatasunak salatu du ordura arte ez zegoela Gartziaren aurkako ezer ere: ´atxiloketaren egun berekoa da Urtziren aurkako euroagindu eskaera, nahiz eta ordura arte bere aurka ezer ez zuen espainiar auzitegiak. Duela urte eta erdi baino gehiago polizia bere Hernaniko etxea miatzera etorri zela jakin zuenean, epailearen aurrean aurkezteko borondatea azaldu zuen, epaileak ordea, ez zion deklaraziorik ere hartu bere aurka ezer ez zegoela argudiatuta` azaldu du Askatasunak.
Osteguna arte Muret-Seyssese-n
Ostegunera arte Muret Seysseseko espetxean egon zen Urtzi Gartzia, Hernanitik 350 kilometrora. Askatasunak azaldu du baldintza gogorretan izan dela bertan: ´22 ordu pasatzen zituen lau pareten artean, goizean ordu bat eta arratsaldean ordu bat soilik egoten zen patioan. Horrez gain, beste euskal presoekin egoteko aukerarik ez zuen. Paketea hilean behin soilik jaso zezakeen eta familiak ezin zion liburu zein aldizkaririk sartu. Isolamendu hau guztia nahikoa ez balitz, gainera, ezin zuen telefonoz deitu`.
Espainiaratua
Ostegunean Espainiaratu dute Urtzi Gartzia. Askatasunak salatu du familia izan dela berria jakiten azkena: ´familia bisitan joan zenean, Urtzi ez zuten bisita gelara atera, eta handik eraman zutela beste euskal preso batek esan zion familiari. Salatu behar dugu, komunikabideak, berriz ere, beste inork baino lehenago zekitela Urtziren Espainiaratzea gauzatu zela`. Ez da lehen aldia Urtzi Gartzia atxilotzen dutela eta Askatasunak salatu duenez, ´bitan torturak pairatu zituelarik Polizia espainiarra eta Ertzaintzaren eskuetan`.