Hernanik inbertsioak behar ditu. Egiteko garaia da.

Kronika - Erredakzioa 2007ko urr. 27a, 02:00

Andoni Amonarraiz EAJ-PNVko zinegotzia

EAJ-PNVko ordezkari bezala, galdera batzuk zuzendu nizkion Alkateari eta prentsa bidez kaleratu nituen, hernaniarrek jakin zezaten hilaren 25eko Plenoan erantzunak izango zituztela 2007ko aurrekontuetan aurreikusitako proiektu batzuen ejekuzioari buruz. Eta hara non, lehendabizi Mikel Arrieta jaunak erantzuten didan. Nik dakidala ez da ez Alkatea, ez Plenoko lehendakaria, eta ezta Udal Gobernu taldeko kide ere, baina gusto haundiz erantzungo diot, beti bezala. Oker ez banago, Hirigintza Batzordeko aholkulariak uztailean sartu ziren Udaleko nominara, eta Txantxillako obrak aurrera eramateko interesik izan balitz, aurrekontuetan aurreikusitako diru kopurua biltzeko modua izango genuen. Gainera, Gipuzkoako Foru Aldundiak 2007ko aurrekontuetan aurreikusitakoa baino 1.050.000€ gehiago emango dizkio Hernaniko Udalari. ANVk hauteskunde kanpainan esan zuen: ´arauak geldiaraziko ditugu!`, baina esan ez zuena zen, horrek suposa zezakeela inbertsio asko eta asko ere geldiaraztea. Horiek ere egin zitezkeen, prestamo bidez, Udalak garrantzizko jo izan balitu herriarentzat. Gogorarazi nahi dut, Hernaniko Udalak daukan zor kopurua, Hernaniren gisako beste Udalek daukatena baino askoz bajuagoa dela; adibidez: Hernaniko Udalak luzera begira duen zorra, Zor Bizia, 2006ko abenduaren 31n %25ekoa da, Tolosarena %71koa, Lasarterena %45ekoa, eta Arrasaterena %36koa. Horrekin esan nahi dudana da, nahi izan balu, Udalak egin zitzakeela Aurrekontuak zehazten dituen proiektu horiek, baina hitz egin, geldiarazi eta kritikatu bakarrik egin nahi denean, edozein aitzakiak balio du, baita merkeenak ere.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!