Adarraga Memorialak aurten bete ditu 44 edizio. Atletismoaren festa horren helburua da CD Hernani kluba sortu zuen Pepe Adarraga omentzea, eta urtero hainbat korrikalari gazte eta heldu etortzen dira Landare zelaira, kros modalitatean lehiatzeko. Azken urteetan haur eta gazteek soilik hartzen zuten parte Memorialean, Gipuzkoako eskolarteko txapelketa ere bazelako, baina aurten seniorrak atera dira berriro eta Agustin Jimenez eta Nerea Amilibia izan dira irabazleak.
1958tik Pepe Adarragaren omenez
Atletismoak tradizio haundia izan du Hernanin eta 1942an hasi ziren kros txapelketa antolatzen, geroago Adarraga Memoriala izena hartuko zuena. 1958an bataiatu zuten modu horretara, urte bat lehenago Pepe Adarraga, CD Hernaniko sortzaile eta lehen lehendakari izan zena hil zelako. Pepe Adarraga korrikalaria eta atletismo zale sutsua zen eta orduko probetan parte hartu eta beste korrikalariei laguntzen zien (Prudentzio Aierra, Miguel Sukunza eta abar). CD Hernani 1940an sortu zuten Adarragak eta beste kirol zaletu batzuk (Antonio Yeregi, Juan Otamendi, Julian Erdozia eta Marcial Laskibar) eta hasieran atletismoa zen kirol nagusia, denborarekin futbola nagusitu zen arren.
70eko hamarkadan dizdira gehien
70eko hamarkadan izan zuen dizdira gehien Adarraga Memorialak, goi mailan ibiltzen ziren korrikalariak hasi baitziren etortzen Landarera, esaterako: Mariano Haro, Pepe Haro, Santiago Delaparte, Carmen Valero eta abar. Korrikalari hauek 1973 eta 1977 arteko urteetan etorri ziren. Urte haietan Club Atletico Urumea sortu berriak hartu zuen proba antolatzeko ardura eta korrikalari hobeak ekartzeko apustua egin zuen. 1978tik aurrera, berriz, filosofia aldaketa izan zen berriro, eta inguruko korrikalariak hartu zuten berriz ere protagonismoa. Horrela jarraitu zuten 1989 urtera arte, Adarraga Memoriala antolatzeari utzi zioten urtea. Azken hamarkadan berpiztu da berriz Adarraga Memoriala eta 2008an 45garren edizioa jokatuko da.