HERRIZAINGO Sailak debekatu egin du ´errepresioak hildakoak` gogoratzeko deitutako larunbateko ekitaldia. Debekuaren inguruan kaleratutako prentsa oharrak dio ´hildako ETAkideei omenaldia egiteko deitutako ekitaldiaren antolatzaileei jakinarazpena` bidali dietela debekuaren berri emateko. Debekua honela arrazoitu du Herrizaingo Sailak: ´terrorismo delituak ala horietan parte hartu dutenak goratzeagatik, justifikatzeagatik edo hedatzeagatik, eta terrorismoaren biktimak ala senitartekoak gutxiesteagatik edo makurrarazteagatik`. Horrez gain, jakinarazi dute debekuaren berri eman diotela Hernaniko Udalari, eta Autoritate Judizialari.
AAMk debekua salatu du
Hernaniko Amnistiaren Aldeko Mugimenduak debekuaren aurrean hainbat adierazpen egin ditu prentsa ohar baten bidez. Prentsa oharrak dioenez, ´errepresioak hildako 21 pertsonak eta hauen senideek 20tik gora urte daramazkite herritarren babesa jasotzen`, eta ´biolentzia batek eragindako hildako pertsona hauek ez dute inoiz errekonozimendurik izan, kasu askotan ez dira argitu beraien heriotzak; gezurrak ere erabili dituztelarik hauek estaltzeko`. Prentsa oharrak eransten du ´herri honek errepresioak hildako seme-alaba asko ditu; denak ere gatazka politikoaren ondorio direlarik. GALek (BVEk, ATEk...) hil zituenak, mendeku politika penitentziarioaren erruz hilak, Ertzaintzak hilak eta abar. Guztiak Hernaniko memoria kolektiboaren parte, gaur delitu bihurtu nahi duten memoriaren zati`. Bestalde, oharrak dio ´ilegalizazio eta debekuek herriaren adierazpenerako ate guztiak ixten` dituztela. ´Herriarena den kaletik ere bota nahi gaituzte, baina ez dute lortuko, hau baita gure esparrua` irizten du. Debeku honen atzean, ´PNV eta bere interesak` daudela dio, ´urtero egin den omenaldi hau debekatu, Entzutegi Nazionalera espedientea bidali, komunikabideetara filtratu, eta Madrilen aurrean etxeko lan zikinak egiteko prest daudela erakutsiz`. Bukatzeko, dio, ez duela ontzat ematen ´Jaurlaritzak Hernaniko Udaletxea kriminalizatzeko egindako saiakera`, eta ´ekitaldi hau alderdi ezberdinak udalean zirela, eta bere azpiegiturak erabiliz arazorik gabe egin izan dela urteetan zehar`.